Fernández Pascual, Juan Antonio
Nafar historialari, arkeologo eta artxibo zaindaria, El Librero Viejo goitizenaz ere ezaguna (Tutera, 1752 - Tutera, 1814). 15 urte besterik ez zuela, jesuitek herritik alde egitean utzi zituzten dokumentuak ordenatzen hasi zen. Handik hiru urtera Arte de Leer Instrumentos Antiguos liburua eman zuen argitara, eta 1771. urtean, Memorias y Antigüedades de la ciudad de Tudela. Ondoren Tuterako eliz barrutiko artxibo zaindari izendatu zuen apezpikuak. 1789. urtean, Cuencara jo zuen Santiagoko Ordenaren artxibo nagusia ordenatzera. Bete zituen zerbitzuen sari gisa Karlos IV.a erregeak aipaturiko ordenako artxibo zaindari nagusi izendatu zuen. Zaragozako San Joan Jerusalemgoaren ordenaren artxiboa antolatu zuen azkenik.