Fermat, Pierre de
Frantses matematikaria (Beaumont-de-Lomagne, 1601 - Castres, 1665). Pascalen ikasle izan zen gaztetan. Azalpen laburren zale izaki, aurkikuntza batetik bestera igaro zen azalpen osoak egin gabe, emaitzak besterik eskaintzen ez zituela. Probabilitateen kalkulua aurkitu zuen, Pascalekin batera (1654); analisi diofantikoari buruzko ikerketek zenbakien teoria sortzera eraman zuten (1568). Semeak argitaratu zituen haren lan nagusiak 1679. urtean (Varia opera mathematica). Bertan, gaur egungo matematiketan aztergai diren zenbait teorema eta hastapena adierazten dira. Dirudienez, Descartesen aurretik, geometria analitikoaren oinarriak aurkitu, eta kurba baten tasun bereziaren kontzeptua azaldu zuen; kalkulu infinitesimalaren oinarriak aurkitu zituen (1629). Azkenik aipatzekoa da bere izena daraman hastapen optikoa, gerora, zenbait aldaketa gaineratuz, mekanikako hastapen nagusietako bat bilakatu zena. v Fermaten hastapena. Optika geometrikoaren hastapen orokorra. Honela dio: puntu batetik beste batera aldatzeko, argiak denbora laburreneko bidea egiten du. Hastapen hori eta Deskartesen erreflexio eta errefrakzio legeak baliokideak dira.