Fenizia
(Gr. Phoinikè) Asia Txikiko itsasertzeko lurraldea, Mediterraneo itsasoaren ertzean, Oronte ibaiaren (iparraldean) eta Karmel mendiaren (hegoaldean) artean. Hiri nagusiak: Akko (gaur egungo Akre), Arvad (Ruad), Berit (Beirut), Biblos, Ugarit, Sidon, Tiro. v Historia. K.a. 3000. urte ingurutik aurrera azaltzen da Fenizia itsasoko merkataritzari lotua. Egiptorekin eta Mesopotamiarekin harremanak zituen. Hiri askeetan banatua zegoen Fenizia, bakoitzak bere erregeak eta jainkoak zituela, baina zibilizazio bakarra izaki ordea. K.a. 2000. urte ingurutik aurrera Egiptoren eragina areagotu egin zen, eta bere mendean hartu zuen Egiptoko XVIII. dinastiak (K.a. XVI. mendea). Egiptoren mendean jarraitu zuen, egiptoarren eta hititen arteko borrokaren ondoren. Itsasoko herrien erasoaren garaian (K.a. 1200), Feniziako hiri batzuk (Ugarit, Sidon, Tiro) suntsiturik geratu ziren, baina askatasun eta oparotasun garai bat ekarri zuen horrek: hititen eta egiptoarren inperioak eta Mizenasko herriaren itsas indarra gainbehera hasi zirenean, feniziarrek gaina hartu zuten. Mediterraneoko merkataririk handienak izan ziren: Gibraltarretik harantza zilar eta eztainu bila joan ziren Iberiako penintsulako meatzetara; murize delakoa bildu zuten Afrikan eta Egeo itsasoan purpura egiteko; beira, eraikuntzarako zura (Libanoko zedroak) eta are esku-langile trebeak (Jerusalemgo Tenpluaren eraikuntza) esportatu zituzten, eta koloniak sortu zituzten Txipren, Kretan, Sizilian, Maltan, Iberian (Gades) eta Afrikan (Utika, Hadrumeta, Leptis, Kartago). Tiro izan zen garai horretako hiri nagusia. K.a. IX. mendean, matxinadak ekarri zituen asiriarren nagusitasunak (Asurnazirpal II.aren eta haren ondorengoen erreinaldietan). Babiloniako erregeen erasoa etorri zen ondoren (Nabukodonosor-ek Tiro setiatu zuen, K.a. 586-573 bitarteko urteetan) eta persiarrek hartu zuten K.a. 538an. Sidonek orduan Tirori gaina hartu zion. Medoen gerretan feniziarren gudarosteak gogor egin zuen persiarren alde. Ondorioz, Feniziako hiriek helenismoaren eragina jaso zuten. Alexandroren kanpainan, hiri guztiek hura onartu zuten, Tirok ezik (K.a. 332an hartu egin behar izan zuen). Lagidek eta seleukotarrek beraientzat hartu nahi izan zuten. Anarkia eta anaiarteko gudu sail baten ondoren, Armeniako Tigranoren mendean gelditu zen Fenizia (K.a. 83-69), eta azkenik Erromako Inperioko lur bihurtu (Siriako probintzia, K.o. 64). v Erlijioa. Jatorriz, nekazaritzari lotutako kultura zen feniziarrena. Jainkoak leku garaietan edo hirietako tenpluetan gurtzen zituzten, hiri bakoitzak bere jainkoak zituela. Giza opariak eskaini ohi zitzaizkien batzuetan, erregeen lehen semeak batez ere, Kanaango ohituren antzera. Baina, oso aukera berezietan izan ezik, abere bat eskaintzen zen haurren ordez. Adonis, Astarte, Atargatis, Baal, Exmun, Hadad eta Melkart ziren jainko nagusiak. v Artea. Feniziako arteak Mesopotamiako eta Egiptoko eragin handia izan zuen. Baina osagaien artean lortu zuten sintesian trebetasun bikaina erakusten du. Eskulturan Biblosko erraldoiak, estatua txikiak, behe-erliebeak gorde dira (Ugariteko estelak, Biblosko Ahiram-en sarkofagoa). Arkitekturan harria erabili zuten (ospe handia zuten feniziarrek eraikuntzan); hirigintza aurreratua zuten (ubideak, kaleak angelu zuzenez elkartzea), eta hilobi gangadunak egin zituzten.