Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fénelon

(François de Salignac de la Mothe, Fénelon deitua) Frantses artzapezpiku eta teologoa (Fénélon gaztelua, Perigord, 1651 - Cambrai, 1715). 1678an katoliko egindako emakume protestanteen taldeko (Nouvelles Catholiques) zuzendari izendatu zuten, eta hamar urte egin zituen kargu horretan. Garai horretan idatzi zituen Traité de l’éducation des filles (1687, Nesken irakaskuntzarako gidaliburua), Traité du ministère des Pasteurs (1688, Apaizen egitekoei buruzko liburua) eta Réfutation du système de Malebranche (Malebrancheren sistema arbuiatuz). 1689an Luis XIV.aren bilobaren irakasle izendatu zuten eta harentzat idatzi zituen Aventures de Télémaque (1699. Duvoisin idazle euskaldunak itzuli zuen obra hori, 1830. urtetik aurrera), Dialogues des morts (1700, Hildakoen hizketak) eta alegia liburu bat (Fables). Télémaque, Plan de Gouvernement (1710) eta Essai philosophique sur le Gouvernement civil liburuetan herrien aginpideko oinarriak finkatu zituen. Liburu hauetan azaldu zituen ideiei esker, Cambraiko artzapezpiku izendatu zuten (1695). Bossuet-en États d’oraison liburuari erantzunez, Explication des maximes des Saints (1697) idatzi zuen. Bossuet-ek Relation sur le quiétisme (1698) idatziz erantzun zion, eta azkenik Aita Santuak haren liburuko 23 proposamen kondena zitzan lortu zuen. Fénelon erabaki horren aurrean makurtu zen, De Auctoritate liburuan esaten zuena betez.