Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Faltzes

Nafarroako hegoaldeko udalerria (Erriberriko merindadea). Falces du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Tafalla eta Arga-Miranda; ekialdean, Erriberri edo Olite; mendebalean, Lerin eta Andosilla eta hegoaldean Azkoien. Goratasuna 294 m. 115,84 km2. 1998ko datuen arabera, 2.595 biztanle, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (faltzestarrak). Arga ibaiaren eskuinaldean dago herria. Hizkuntza, gaztelania. XVI. mendean baino lehenago galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko Euskararen Legearen ondorioz, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza (garia, garagarra, mahastiak eta esparragoak; langileen % 44) eta hari loturiko kontserba industria (langileen % 30) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XI. mendeko parrokia eta bertako villa erromatarraren hondakinak.  v  Historia. Aspaldiko herria da Faltzes, herri inguruan aurkitu diren hilarriek eta txanponek (erromatarrenak, etab.) aditzera ematen dutenez. Luis Beaumont, erregearen anaia eta Nafarroako gobernari zenaren aurka altxatu ziren laborari faltzestarrak 1358an, ordaindu behar zituzten zergak handiegiak zirela eta. Zapalkuntza latza izan zen; zortzi faltzestar urkatu, beste asko atxilotu eta miseria gorrian bizi izan zen herria ondorengo urteetan. Faltzesko markeserria sortu zuten gaztelarrek 1518. urtean, Nafarroako lehena. Erregetzarako Gerran, laguntza ukatu zion Faltzesko herriak Filipe Borboikoari eta istilu larriak gertatu ziren herrian erabaki haren ondorioz.