Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ezkaroze

Nafarroako iparraldeko udalerria (Zaraitzu, Zangozako merindadea), Zaraitzu ibaiaren eskuinaldean. Mugak: iparraldean Otsagabia eta Itzaltzu, ekialdean Uztarroze, mendebalean Eiaurrieta, eta hegoaldean Orontze. Goratasuna 744 m. 29,11 km2. 1998ko datuen arabera, 356 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (ezkaroztarrak). Hizkuntza, gaztelania. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 42 dira. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritzan (garia, garagarra, patata, ardi azienda; langileen % 40) eta industrian (zurgintza, aroztegiak; langileen % 45) oinarritua da.  v  Historia. Etengabeko guduak izan zituzten Ezkarozeko biztanleek aetzarren aurka XII. eta XIII. mendeetan zehar lur eta basoen ustiakuntza zela-eta.