Etxart, Niko
Iparraldeko musikaria. Zuberoan jaio zen, baina bi urte zituela familiarekin batera Parisera joan zen bizitzera. Hala ere, ez zuen euskararik galdu, etxean beti euskaraz egiten zelako. Bere aita, Dominique Etxart, Zuberoako kantore famatua zen; ama, berriz, dantzaria. Hogeita bat urterekin Paris utzi eta Zuberoara itzultzea erabaki zuen, rocka egiteko asmoarekin. Bakarka hasi zuen bere ibilbidea eta geroago, Tximinorrak, Tinka eta Minxoriak bezalako taldeetako kide izan zen. Bere lehen disko ezaguna 1979koa da, Nahasketa izeneko disko txikia, aitaren dirulaguntzaz argitaratutakoa. 1980. urtetik aurrera beste bi lan kaleratu zituen: Has Dantzan eta Tumatxa. Rocka eginaz dabil musikaren munduan, baina musika tradizionala albora utzi gabe. Hainbat lanetan parte hartu du lankide modura.