Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eskopas

(Gr. Skopas) Greziako eskultorea eta arkitektoa (Paros, K.a. V. mendearen bukaeran). K.a. IV. mendeko eskultore eta arkitekto ezagunenetako bat zen Praxitelerekin eta Lisiporekin batera. Sizionen egin zuen lana; Tegeon Atenea Alearen tenpluko berreraikuntza lanak egin zituen eta tenpluaren frontoiko irudiak berak zizelkatu zituen. Halikarnasoko mausoleoa apaintzen parte hartu zuen K.a. 350. urtean, eta Efeson Artemisaren tenpluan. Adierazpen patetikoa irudikatzen maisua zen; eredutzat pertsonaia atsekabetuak hartzen zituen, patu tragikoak daramatzan heroiak. Badira bere estatuen kopia erromatarrak, Meleagrorenak eta Heraklesenak adibidez. Sizioneko Menadeak erakusten ditu bere artearen ezaugarri nagusiak: bakantearen gorputza okertua, liluramen dionisiako batean, aurpegia zerura itzulia, barneko estuasuna adieraziz eta arima grinaz bete baten nahigabea erakutsiz.