Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

errekuntza

iz. Erabateko erretzea.  v  Bi gairen arteko erreakzio kimikoa, beroa eta argia, gar itxuran, sorrarazten duena. Gehienetan gaietako bat karbonoduna izaten da, eta errekina oxigenoarekin nahastean oxidatu egiten da gai hori. Erreakzioa beroa, argia eta txinpartak ezaugarri dituela hasten da, eta errekina pixkanaka berotzen da, baina gaia pizteko tenperaturaraino iristen denean hasten da errekuntzaren erreakzioa. Une horretatik aurrera errekuntza zabaldu egiten da berez errekinean zehar mailaz maila, aurrera egiteko kanpoko eraginik behar ez duela. Errekin baten pizteko tenperatura jakiteko alderdi asko hartu behar dira kontuan, gaiaren egoerari dagozkionak batez ere: neurriak, kalitatea, azalaren itxura… Errekuntzaren eraginez beroaz gain argia ere sor daiteke, su garrak ematen duen argia handitu egiten baita erreakzio barruko partikulei esker (ioiak, elektroiak).  v  Berezko errekuntza. Kim. Berez, aldez aurretik piztu gabe edo berorik eman gabe gertatzen dena.  v  Errekuntza organikoa. Biol. Landareen eta animalien ehunetan gertatzen diren oxidazioen multzoa; era horretara, aldaketa organikoetarako behar duten oxigeno kopurua finkatzen dute zelulek.