erreakzio
iz. Beste ekintza bati kontrajartzen zaion ekintza. || Fis. Beste gorputz baten indarraren mendean dagoen gorputz batek lehen gorputzari egiten dion aurkako indarra. v Erreakzio denbora. Psik. Organismoan erreakzioa eragin eta erreakzioa izan artekoa. v Erreakzio itzulgarria. Norabide bietan gerta daitekeena. v Erreakzio itzulezina. Norabide bakarrean gerta daitekeena bakarrik. v Erreakzio kimikoa. Kim. Gai kimikoak, atomoen edo ioien banaketa berri bat dela medio beste gai berrietan eraldatzen diren prozesua. Erreakzio kimiko guztietan lotura jakin batzuk hautsi eta beste berri batzuk sortzen dira; eratutako ioi edo molekula berri horien atomo partikula kopurua berdina izaten da, ez, ordea, banaketa. Era askotako erreakzio kimikoak daude: sintesizko erreakzioak, deskonposaketazko erreakzioak, ordezkapenezko erreakzioak, neutralizaziozko erreakzioak, etab. v Erreakzio fotokimikoak. Gertatzeko, argia behar duten erreakzio kimikoak. Fotosintesia gertatzeko, adibidez, beharrezkoa da argia. v Erreakzio lastertasuna. Ingurune homogeneo batean eta erreakzio kimikoa gertatzen ari den bitartean gai kimiko batek denboran zehar duen kontzentrazio aldaketa. Gaiaren kontzentrazioaren, tenperaturaren eta katalizatzaileen eraginaren araberakoa izaten da. v Erreakzio beroa. Erreakzio batean askatzen edo hartzen den energia kopurua. Beroa askatzen bada erreakzioa exotermikoa dela esaten da. Aldiz, energia hartzen bada erreakzioa egitean, erreakzioa endotermikoa dela esaten da. v Erreakzio nuklearra. Fis. Atomo nukleoa neutroiez eta alfa partikulez bonbardatzean gertatzen den erreakzioa; horren ondorioz, partikula berriak igortzen dira, edo nukleoa zatitu eta bero handia askatzen da. Partikulek indar handia behar dute atomo nukleoa inguratzen duen elektroi geruzan zehar igarotzeko. Neutroia da horretarako partikularik egokiena, kargarik ez duenez aurkako indar hurrentzailerik jasan behar izaten ez duelako. v Erreakzio segida. Erreakzio bat bestearen ondoren gertatzea; erreakzio bakoitza aurrekoa gertatzean sortutako energiak eragindakoa da. Hori da atomo bonba bat lehertzean gertatzen dena. v Erreakzio bidezko bultzada. Erreakzioan oinarrituta dagoen bultzada sistema. Ibilgailua abiarazteko gas txorrotada indar handiz bidaltzen da atzerantz, ihes–hodian zehar. Erreakzio abioia.