ernalketa
iz. Ernaltzea. v Biol. Ernaltzea espermatozoide nukleoa obulu nukleo batekin elkartzean datza, horren ondorioz, enbrioiaren nukleo oinarrizkoa osatzeko. Organismo guztietan bi sexuetako zelulak (gametoak) elkartzen dira, eta biek erdibana daramatzate kromosomak edo organismo motaren ezaugarriak. Izaki gehienetan sexu arra eta emea berezita daude eta horrek animalien arteko sexu harremana nahitaezkoa egiten du ernaltzea izateko. Hala ere, animalia batzuetan eta landare askotan bi sexuak batera daude (organismo hermafroditak), eta ernaltzea izaki beraren baitan gertatzen da. Badira ernaltzeko beste moduak ere, hala nola partenogenesia (espermatozoidearekin elkartu gabe obuluan aldaketak eragiten direnean), eta pseudogamia (obuluaren aldaketak espermatozoidearen eraginez sortzen direnean, baina elkarketarik gabe). Bada ernaltzea bereizteko beste sailkapen bat ere: barruko ernaltzea, ernaltzea organismoaren barruan gertatzen denean, eta kanpoko ernaltzea, ernaltzea organismotik kanpo gertatzen denean; halakoa da uretako animalia gehienena eta zenbait landarerena. Landare gehienek ernaltzea polinizazio delakoaren bidez egiten dute. ik. polinizaizo. v Ernalketaren aldiak. Ernaltzearen gertaera nagusia bi gametoen mintzak elkartzea da, horretarako bien artean zabaltzen den irekigunea erabiliz. Elkartzearen ondorioz, zelula berri bat sortzen da (zigotoa), zelula gehiagotan berezita izaki berri bat eratzeko gai dena. Bi gametoen elkartzeak obuluan zenbait aldaketa sorrarazten ditu. Lehenengo aldaketa obuluaren mintzarena da, eta lehenengo espermatozoideaz gainerako guztiei sarrera ixteko gertatzen da. Ernaltzeko espermatozoide bat baino gehiago behar den motetan, multzo bakar bati uzten zaio sartzen eta ez besteei. Espermatozoidea obuluaren barrura sartu ondoren obuluaren eta espermatozoideen nukleoak elkartu egiten dira, eta zelula berriaren zatiketa bizkorrak bideratzen dira. Hauek dira laburbilduta ernaltzearen une nagusiak: 1. Espermatozoidearen aldaketak. Espermatozoideak, batez ere buruan, zenbait aldaketa ditu obuluan sartu ahal izateko. 2. Espermatozoidea obulu barruan sartzea. Bien mintzetan aldaketak izan ondoren iristen da espermatozoidea obuluaren barrura. 3. Obuluaren aldaketak. Kanpoko mintza desagertu egiten da eta ernaltze mintz berri bat eratzen da bertan. 4. Espermatozoidearen eta obuluaren nukleoen elkartzea. Unerik garrantzitsuena eta ernaltzearen amaiera da. Hortik aurrera izaki berriaren eraketa hasten da.