eresi 1
iz. Kanta zaharra; abestia. v Erdi Aroaren bukaeran (XIV-XV. m.), kutsu epikoko hil kantu edo ahozko poesiak ondu ziren. Ahaideen arteko guduen inguruko lanak dira eta zati batzuk baizik ez dira geratu, Garibay eta beste kronikari bakan batzuei esker. Guduan hildako maiteen heriotzak sortzen duen min sakona adierazten dute eresiek eta oro har sentiberatasun liriko handia erakusten dute. Jaso diren zati gehienak bizkaieraz daude eta XVII. mendean zaharkiturik zeuden hizkuntza moldeak erakusten dituzte. Euskal Herri osoan abesten ziren; Bereterretxen kantore ospetsua ere molde honetakoa zen. Eresi zati ezagunenak emakumeek kantatuak ziren: hala, ezagunak dira Antsa Otxoa Ozaetakoak bere senar Martin Bañezen heriotzaren berri jakin zuenean kantatukoa; eta senarrak astindu ondoren erditzen ari zela hil zen Milia Lasturkoari bere ahizpak kantatutakoa.