Erauso, Katalina
(Moja alfereza deitua). Gipuzkoar abenturazalea (Donostia, 1585 edo 1592 - Quitlaxtla, Mexiko, 1650). Lau urte zituela Donostiako moja domingotarren komentuan sartu zuten eta 1603. urtean, komentuko bizimodu hura ezin eramanik, ihes egin zuen eta Gasteiza jo zuen gizonez jantzita, Francisco de Loyola izenarekin. Handik aurrera gizonezko jantziak erabili zituen beti. Urte hartan berean Ameriketara jo zuen, Panama aldera, eta handik Perura. Txilera joanda, bere anaia hil zuen ezpata borroka baten ondoren, eta Argentinara jo zuen, Ande mendietan barrena, justiziari itzuri. Perura jo zuen berriz ere, Bolivian zehar, eta Cuzcon liskar batean gizon bat hil zuela eta, Guanamangako apezpikuaren etxean babestu zen, larriki zaurituta. Hil zorian zegoela, emakume zela aitortu zion apezpikuari eta berria Espainiako koroaren mendeko lurralde guztietara zabaldu zen. Komentu batean egon zen ondoren. 1620. urtean Europara jo eta Espainian Filipe IV.a erregeak egin zion harrera. Erromara jo zuen gero eta Urbano VIII.a Aita Santuak hartu zuen bertan. 1624. urtean hasi zen bere autobiografia idazten eta hurrengo urtean eman zuen liburua argitara. 1630. urtean Ameriketara jo zuen berriro eta Mexikoko Veracruz hirian itzaintzan jardun zuen hil zen arte, Antonio de Erauso izenaz. Katalina Erausok ospe handia izan zuen Europan eta Ameriketan. Izen horrez baliaturik, Juan Pérez de Montalván idazle espainiarrak Comedia famosa de la monja Alférez antzerki obra plazaratu zuen 1625ean. Katalina Erausoren idatzi autobiografikoak apokrifotzat jo izan dira batzuetan. Ez dirudi horrelakorik denik, 1625ean argitaratu zen Relación verdadera de las grandes hazañas y valerosos hechos que una mujer hizo en 24 años que sirvió en el reino de Chile y otras partes al rey nuestro señor… idazki bildumari dagokionez behintzat. Katalina Erausoren beste bi idazki sail argitaratu ziren Sevillan eta Mexikon.