Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eratostene

(Gr. Eratosthenes). Antzinako Greziako astronomo, matematikalari eta geografoa (Zirene, K.a. 276 - Alexandria, K.a. 194). Zenon eta Kalimako izan zituen irakasle. Alexandriako Liburutegi Handiko arduraduna zen; kronologiaren oinarri zientifikoak finkatzen saiatu zen, eta Troiako gerraz geroztiko Mediterraneoko data nagusiak finkatu zituen. Astronomian, ekliptikaren zeihartasuna finkatu zuen (23º 51’) eta Sienaren eta Alexandriaren arteko meridianoaren arkuaren zabalera finkatuz Lurraren zirkunferentzia 250.000 estadiotan (40.000 km inguru) zertu zuen. Matematikaren alorrean, zenbaki lehenak finkatzeko metodoa asmatu zuen (Eratosteneren bahea).  v  Eratosteneren bahea. Zenbaki jakin bat (n) baino txikiagoak diren zenbaki lehenen zerrenda egiteko erabiltzen den prozedura. Bi zenbakia baino handiagoak eta n baino txikiagoak diren zenbaki naturalen zerrenda idazten da, eta ondoren kendu egiten dira zerrendatik bi zenbakiaren anizkoitzak bia ezik, hiruaren anizkoitzak hirua ezik, etab. Prozedura osoa amaitu ondoren geratzen diren zenbakiak dira zenbaki lehenak.