Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

entzefalo

iz. Anat. Burezurra betetzen duen nerbio sistemaren muina. Burmuina ere deitzen zaio. Entzefaloa edo burmuina nerbioz osatuta dagoen orea da, eta ornodunen nerbio sistemaren funtsezko osagaia da bizkarrezurreko muinarekin batera.  v  Gizonaren nerbio sistemak bi parte nagusi ditu; entzefaloa edo burmuina da bata, eta bizkarrezurreko muina bestea. Entzefaloaren barruan daude garuna, zerebeloa eta burmuineko enborra (mesentzefaloa, irtenuneak, bizkarrezurreko erraboila). Meninge izeneko hiru mintzek biltzen dute entzefaloa, eta gaineko azala gai grisez eratuta dago. Entzefaloaren behealdean dagoen bizkarrezurreko erraboiletik behera luzatzen da bizkarrezurreko muina, ornomuina ere deitzen zaiona. Entzefaloak jasotzen du bost giza zentzumenen informazioa, eta hortik koordinatzen eta kontrolatzen dira berariaz egiten diren mugimenduak. Beraz, nerbio sistemaren organo garrantzizkoena da entzefaloa, giza gogoa, adimena, pentsamendua, oroimena eta berariazko mugimenduak zuzentzen baititu.