Enkarterri
Bizkaia osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Artzentales, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordoxola, Guenes, Lanestosa, Sopuerta-Garape, Turtzioz eta Zalla. Eskualde honek 429 km2ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 19,3), eta 29.750 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 0,26). Balmaseda eta Guenes dira eskualdeko udalerririk jendetsuenak (7.121 eta 5.831 biztanle 1996an), baina azalera handiena Karrantzak du: ia 137 km2 3.098 biztanlerentzako. Alor ekonomikoan, 1996an 1.580.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 69an zegoen Enkarterri; EAEko txikienean, hain zuzen ere. Zerbitzuek osatzen zuten eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 46,36, Bizkaiko batez bestekoaren azpitik, nolanahi ere. Kopuru hori % 66ra igotzen zen, esaterako, Balmasedan. Industriak eman zuen urte horretan eskualdean sortu zen balio erantsiaren % 35,8, Bizkaiko batez bestekoaren gainetik, baina Guenesen eta Zallan izan ezik (% 55 eta % 39), gainerako udalerri guztietan batez bestekoaren azpitik zegoen industriaren garrantzia. Egitura ekonomikoari dagokionez, aipatzekoa da eskualde honetan lehen sektoreak duen pisua, nekazaritzak eta abelzaintzak ekarri baitzuten 1996an bertan sortutako balio erantsiaren % 9 (Bizkaiko batez bestekoa % 1 da). Artzentales, Karrantza eta Turtziozen zuen, besteak beste, aparteko garrantzia lehen sektoreak. Nekazaritza munta handikoa izanik, abeltzaintzak aparteko eragina du eskualde honetako hainbat udalerritan, gehienbat Karrantzan. Horrez gainera, turismoari eta aisiari lotutako jarduera eta ekimenak bultzatzen ari dira azken urteotan Enkarterrian. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nabarmen nagusi. 1996ko datuen arabera, 2.766 euskaldun, 4.970 ia euskaldun eta 21.644 erdaldun bizi ziren bertan. v Nerbioi ibaiaren ezkerralde guztia hartzen du, Portugalete eta Barakaldo hiriak izan ezik. Mugak: Kantabriako Autonomia Erkidegoa eta Kantauri itsasoa, iparraldean; Aiarako harana (Araba), eta Menako harana (Burgos), hegoaldean; Nerbioi ibaia, ekialdean eta Soba eta Menako haranak (Burgos) mendebalean. Udalerri hauek osatzen dute Enkarterri: Abanto-Zierbena, Muskiz, Santurtzi, Sestao, Trapaga, Artzentales, Karrantza, Galdames, Lanestosa, Garape, Gordoxola, Guenes, Turtzioz eta Zalla. Enkarterriko ibai nagusiak Kadagua (Nerbioi ibaiaren adarra), Mercadillo, Aguera eta Karrantza dira. Hizkuntza, gaztelania. Dirudienez, ekialdean (Barakaldon, Portugaleten eta abarretan) mintzatzen zen antzina euskara, eta gaur egun berriro ari da zabaltzen eskualde honetako herrietan. Enkarterriko mendebaleko herrietako (Artzentales, Karrantza, Galdames, Lanestosa, Garape, Turtzioz) langile gehienek nekazaritzan eta abeltzaintzan dihardute, eta gainerako herrietako ekonomia jarduera nagusia industria da. v Historia. XII. mendean Enkarterri Gaztelako lurraldeen mende zegoen. Goiz Erdi Aroan hainbat jauretxek osatzen zuten Enkarterri. Durangaldean ez bezala, Enkarterrin ez zen batasun politikorik eta, hortaz zaila da zehaztea nola igaro zen herri bakoitza Bizkaiko Jaurerrira: Gordoxola eta Santurtzi Bizkaiko Jaunen lurraldeak ziren XI. menderako; Garape, Somorrostro eta Karrantza XII. mendean batu ziren. Berant Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran eskumen zabala zuten hamar errepublikek osatzen zuten Enkarterri: Gueneseko udala, Zallako udala, Gordoxola ibarra, Garapeko udala, Galdamesko udala, Artzentales ibarra, Turtzios ibarra, Karrantza ibarra, Somorrostro ibarreko lau udalak (Muskiz, Zierbena, Abanto de Yuso eta Abanto de Suso) eta Somorrostro ibarreko hiru udalak (Santurtzi, Sestao eta Trapaga). Portugalete, Balmaseda eta Lanestosa lurralde honetan bazeuden ere, administrazio berezitasunak zituzten. Bizkaiko Jaunak izendaturiko bi ofizialek (Korrejidorearen tenientea eta laguntzaileak) eta herri bakoitzeko ordezkariek osatzen zuten Avellanedako Batzarretxean hartzen ziren Enkarterriko erabakiak. 1574. urtean Avellanedako Batzarretxeak Bizkaiko 1525. urteko Foru Nagusiaren bidez Enkarterri gobernatzea deliberatu zuen. XVII. mendean Enkarterriko ekialdeko bost herrik (Gordoxola, Guenes, Zalla, Galdames eta Hiru udalak) berezko ordezkaritza eskatu eta lortu zuten Gernikako Batzarretxean, baina honek Enkarterriko herrien arteko gatazkak ekarri zituen, aipaturiko herri horiek Avellanedako Batzarretxean botoa baitzuten oraindik. Egoera horretan, Enkarterriko bost herri horiek Gernikako Batzarretxea utzi eta Avellanedakora itzuli behar izan zuten. 1798-1800. urtera arte ez zen Enkarterri Bizkaiko Jaurerriko kide oso izan. Orduz geroztik hamar kontzejuek merindadea osatu eta bakoitzak botoa emateko eskubidea izan zuen Gernikako Batzarretxean. Bigarren Karlistadaren garaian karlistek indar handia bildu zuten Enkarterrin liberalen aurka. Oso ospetsua da Miguel de Unamuno idazleak Paz en la guerra (Bakea gerran) obran deskribatu zuen Somorrostroko karlisten eta liberalen arteko gudua (1835).