Engadina
(Erromantxeraz, Engiadina; Al. Engadin). Suitzako ekialdeko lurraldea, Inn ibaiaren goi haranean (Grisoien, Grishun edo Graubündengo kantonamendua). 25.000 biztanle. Lurraldearen goratasuna 1.000-1.900 m bitartekoa da. Harana bitan banatzen da: Engadina Garaia (hiriburua, Samedan), turismogune garrantzitsua da, bertan baitaude Alpeetako negu kiroletarako leku ospetsuenetako batzuk (Sant Moritz, Pontresina, Celerina, Silvaplana, Sils Maria, Scuol, Tarasp Vulpera); Engadina Behereko lurrak emankorrak dira (laboreak, fruituak, barazkiak). Bertan dago Suitzako Parke nazionala. Hizkuntza nagusiak erromantxea edo erretorromanikoa eta alemaniera dira. v Historia. Engadinako lurraldea, Rhaetia izeneko probintziaren barnean, erromatarren mende geratu zen K.a. I. mendean eta ondorengo mendeetan guztiz latinizatu ziren bertako herri zeltak. Engadina Garaia Cuerako jaunen mende egon zen (Cuera zen Retiako hiri nagusia) luzaroan eta Engadina Beherea Tirolgo bavariarren agintepean. 1801. urtean bi eskualdeak batu eta Suitzako Retiako kantonamendura (Grishungo kantonamendua) bildu ziren biak, gainerako erretorromaniarrekin batera.