Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eneas

(Lat. Aeneas) Troiako printzea. Haren inguruan eratu zen Erromaren sorrerari buruzko mitoa. Ankisesen eta Afroditaren semea zen; horregatik jarri ziren erromatarrak Venusen zaindaritzapean. Kreusarekin, Priamoren alabarekin ezkondu zen, eta Troiako gerran garrantzi handiko eginkizuna izan zuen. Greziarrek Troia hiria erre zutenean, Penateak salbatu zituen, eta bere aita bizkarrean zuela eta semea aldean hartuta, ihes egin zuen; baina ekintza horretan emaztea galdu zuen. Hogei ontziko armada bat osaturik, Kartagora heldu zen, eta han Dido erreginak hartu zuen. Jupiterrek agindurik, aurrera jarraitu zuen, Erromara heldu arte. Latino erreagearen alaba Laviniarekin ezkondu eta haren ordez errege izan zen. Rutuloek hil zuten, eta Olinpon onartua izan zen, Tito Livioren arabera. Haren leinukoa zen Romulok sortu zuen Erroma.