Endo Shusaku
Japoniar eleberrigilea (Tokio, 1923). Japoniako literatura modernoan ikuspegi katolikoa sartu du. Hamaika urte zituela bataio katolikoa hartu zuen amarekin. Bigarren Mundu Gerran ez zen soldadu izan, pleurasia eta beste arazo batzuk zirela eta. 1949an literatura frantsesean graduatu zen Keioko Unibertsitatean. 1950-1953 urte bitartean Lyongo Unibertsitatean (Frantzia) aritu zen ikasten, eta frantses idazle katolikoetan espezializatu zen. Bera izan zen gerraren ondoren atzerrian ikasten zuen lehenengo japoniarra. Japoniara itzuli zenean Akutagawa sari ospetsua irabazi zuen Gizon zuria ipuinarekin (1955). Itsasoa eta pozoia (1957) lanekin Mainichi eta Shincho sariak irabazi zituen. Lan horretan japoniarren morala eta errua aztertzen ditu, japoniar sendagile batzuek estatubatuar piloto bati egiten dioten disekatzea dela-eta. Isiltasuna (1966) liburua Endoren maisulantzat hartzen da. Portugaldar misiolarien ekintzak kontatzen ditu Edoren ondorengo Japonian. Lan arinagoak ere idatzi ditu, hala nola Ero zoragarri bat (1974) edo Txistu egiten dudanean (1974). Samuraia (1980) lanean samurai batek 1614. urtean Mexikora eta Europara egiten duen bidaia bat kontatzen du. Eskandalua (1986) lanean gaizkiaren arazoa lantzen du, Japonia modernoko mundu sexualaren ikerketa baten bidez.