Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Encyclopédie

(ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers). (Eusk. «Zientzien, antzeen eta lanbideen entziklopedia edo hiztegi arrazoitua»). Diderot eta d’Alembert idazle frantsesek, Chambersen entziklopedian oinarriturik, zientzia eta filosofia ezagutzak modu arruntean azaltzeko asmoz egin zuten obra. Diderot eta d’Alembert izan ziren obra horren bultzatzaile eta idazle nagusiak, eta laguntzaile bikainak izan zituzten alor guztietan (Voltaire, Montesquieu, Rousseau, Jaucourt, de Prades…). Entziklopediak izan zituen hamazazpi liburukiak harpidetza bidez banatu ziren, apaingarri jori eta esanguratsuz aberastuta. Bi helburu nagusi zituen obrak: giza izpirituak ordura arte esparru guztietan eginiko aurrerapenak dokumentu baliagarrietan aurkeztea, alde batetik, eta aurrerapen material ororen oinarrian dagoen izpiritu filosofiko arrazoidun librea aldarrikatzea bestetik. Hala bada, mekanikako arteen aurrerapenak eta lanbideak zehatz deskribatzeari garrantzi handia eman zitzaion eta, era horretan, modu errealista eta praktiko batez, arrazoiak erlijioa, politika eta etika bere mende dituenean jendeak zein gaitasun handia izan dezakeen aurkeztu nahi zuen obra horrek. Hala ere, zentsuraren atzaparretatik nolabait aldentzearren, bere horretan utzi zituzten egileek gai handiei zegozkien irizpide ortodoxoak. Obraren zabalkunderako harpidetza sistemaz baliatzeak, ordea, geroz eta iritzi ausartagoak plazaratzeko bidea eman zien. XVIII. mendeko ilustratuen filosofia zertan zen ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du Encyclopédie obrak. Euskal Herrian ere harpide asko izan zituen, Gipuzkoan batez ere.