Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Encomienda

(Esp. «zerbait edo norbait babesteko jasotako agindua eta eskubidea»). Indiarrekiko harremanak estutik kontrolatzearren, espainiar kolonizatzaileek XVI. mende hasieratik aurrera Ameriketan ezarri zuten erakunde juridiko-ekonomikoa (1503). Sistema haren arabera, Espainiako koroak kolonoaren esku uzten zuen mendeko zituen indiarren zergak edota lanen emaitzak, eta ordainez kolonoak babesa, hazkurria eta kristau ikasbidea eskaini behar zizkien indiarrei. Nolanahi ere, berez esklabotasun molde bat baizik ez zen eta 1510. urtean Bartolomé de Las Casas fraide domingotarrak sistema hura gogor salatu zuen. Espainiako koroak atzera jo eta indarrik gabe utzi nahi izan zuen indiarren morrontza hura (Burgosko legeak, 1512-1513). Kolonoek, ordea, inoiz ez zituzten xedapen haiek aintzat hartu. 1542. urtean, esklabotasuna eta derrigorrezko lanak debekatu zituen Espainiako koroak (Indietako Lege Berriak), eta encomienda sistema leundu egin zen, funtsean bere hartan segitu bazuen ere. 1550. urtetik aurrera lan sistema berri bat abiarazi zuten espainiarrek, encomienda bazter utzi gabe, repartimiento de indios (indiarren banaketa) izenekoa. Molde berri horren arabera, urtero hainbat hilabetetan aritu behar zuten nahitaez indiar heldu guztiek, meatze, ola, etxalde eta herri lanetan. XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Espainiako koroa zerga handiagoak hasi zitzaien eskatzen kolonoei eta handik aurrera izugarri ahuldu zen sistema hori. XVIII. mendearen bukaeran desagertu ziren encomienda horiek. Ameriketako indiarrak bigarren mailako pertsonatzat hartzen eta erabiltzen zituen molde juridiko-ekonomikoak, ordea, XX. mendea arte iraun du, hacienda izeneko sistemen bidez bereziki.