Enbata
1963an Ipar Euskal Herrian sortu zen higikunde politiko abertzalea. Ximun Haran, Jacques Abeberry, Jean Louis Davant, Michel Labéguerie eta Piarres Larzabalek sustaturiko lehen taldea 1960. urtean argiratzen hasi zen Enbata aldizkariaren inguruan mamitu zen. Bi helburu politiko nagusiren inguruan egituratu zen: Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak hartuko zituen departamendu baten alde borroka egitea, eta Europan zazpi euskal herrialdeek osatuko luketen lurralde autonomo baten alde ekitea. 1964. urtetik aurrera ETAren eta Enbataren arteko harremanak estutu ziren; iparraldekoek agerian utzi zuten ETAkoei laguntza emateko asmoa. 1967. urtetik aurrera hasierako talde hura banatzen hasi zen: Michel Labégueriek zentrismo aldera jo zuen, eta beste kide batzuk ezker politikoaren bidetik abiatu ziren, Frantziako 68ko Maiatzeko iraultza saioek urraturiko bideetatik. Hilabete ilun batzuen ondoren, Enbata bizkortu egin zen 1970ean eta urte hartako abenduan ETAren aurka egin zen Burgosko epaiketari sendoen erantzun zion taldea izan zen Ipar Euskal Herrian. Urte hartatik aurrera euskal kulturaren (euskara hizkuntza nazionala) eta langileen aldeko (Ipar Euskal Herriko lanaren aldeko saioak, kooperatibak sortzea eta bultzatzea) borrokek elkargunea izan zuten Enbata mugimenduan eta areagotu egin zen taldeak hegoaldeko iheslari euskaldunei emaniko laguntza. 1974ko urtarrilean, Frantziako gobernuak legez kanpo utzi zituen lau higikunde abertzale: Bretainiako bi, Korsikako bat eta Enbata. Frantziako gobernuaren erabakiak bi helburu nagusi zituen: Frantzia barnean ziharduten mugimendu abertzaleak deuseztatzea eta, Enbatari zegokionez, Espainiako gobernuarekiko asmo onak agertzea, ETAk 1973ko azaroan Carrero Blanco hil ondoren, 1975eko urtarrilean berriro hasi zen argitaratzen Enbata aldizkaria, eta mugimendu politiko hartako kide batzuek HAS (Herriko Alderdi Sozialista) taldea sortu zuten, ondorengo urtean jaio zen EHAS alderdiaren aitzindari izan zena.