Elosegi Odriozola, Joseba
Euskal politikari abertzalea (Donostia, 1915 - Donostia, 1990). Merkataritza ikasketak egin zituen Donostian, eta gero Arte Ederretako ikasketak egin zituen Parisen. Gazte gaztetandik izan zen Euzko Alderdi Jeltzaleko kide. Gerra Zibila hasi zenean matxinatuen aurka borrokatzera joan zen, eta Euzko Gudarostea osatu zenean, kapitain izendatu zuten. Durangoko eta Gernikako bonbardaketak bertatik bizi izan zituen, eta 1937ko abuztuan, Bizkaia Francoren esku geratu ondoren, italiarrek preso hartu zuten Santoñan. Hiltzera kondenatu zuten, baina preso trukatze baten ondoren irten zen kartzelatik eta gerra bukatu arte jardun zuen borrokan. Frantziara igaro zenean, arazoak izan zituen naziekin. 1946. urtean Donostian atxilotu zuten katedralean ikurriña bat jarri ondoren. 1964. urtean erbestea utzi eta Donostiara itzuli zen. 1970. urtean, bere burua erretzeko saioa egin zuen Francoren aurrean, Munduko Pilota Lehiaketetarako sarrera egunean; ekintza hark fama handia eman zion. Kartzelan egon zen hiru urtez, eta garai hartan idatzi zuen Quiero morir por algo oroitzapen liburua. 1977an Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatugai izan zen; bi urte geroago senatari hautatu zuten Gipuzkoan. 1984an Eusko Alderdi Jeltzalea bitan banatu zenean, Joseba Elosegik bere alderdia utzi eta Eusko Alkartasunara igaro zen. 1990. urtean hil zen Bidasoako Ospitalean.