elizate
iz. Bizkaiko lur zabaleko herrien izena. v Jatorriz, elizatea Bizkaiko udal erakunde oinarrizkoa zen, XIII. mendetik aurrera bertako jaunak villa edo hiribilduak sortzen hasi ziren arte. Elizateak eliza edo monasterio baten inguruko etxeak hartzen zituen eta bertara biltzen ziren baserrietan barreiaturik bizi ziren auzoak. Batzarrak elizako atarietan edo arkupetan egiten zituzten eta hantxe aukeratzen zituzten auzoek udal kargu edo fielak eta Gernikako Batzar Nagusietarako ordezkariak. Elizateetako oinarrizko zerbitzuez arduratzen ziren fielak eta ibarjaun edo merinoen eta Korrejidorearen esanetara zeuden. Bizkaiko Lur Zabala edo Infanzonadoa zazpi merindadeetan banatua zegoen: Uribe, Busturia, Arratia eta Bedia, Markina, Zornotza, Enkarterri eta Durango. Zazpi merindade hauek 105 elizate hartzen zituzten guztira.