Elhuyar taldea
Euskal Herriko zientzia lan taldea. 1972. urtean sortu zen, Donostiako ingeniaritza eskolako ikasle talde bat eta ikasketak amaitu berriak zituzten ingeniari talde bat bildu eta euskara zientzia alorretara egokitzeko asmotan lanean hasi zenean. Bere xedeari jarraituz Elhuyar Taldea hizkuntza eta zientzia hiztegia jorratzen hasi zen lehenbiziko urteetan. Azpimarratzekoa da, halaber, taldeak Udako Euskal Unibertsitatea (U.E.U.) sendotzeko egin zuen lana. Elhuyar aldizkaria argitaratzen du taldeak 1974. urteaz geroztik. Aldizkarian zientzia gaiak lantzen dira euskara hutsean.