Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

elektroi

iz. Atomo partikula oinarrizkoetako bat, elektrizitate negatiboz kargatua.  v Fis. Unibertsoa osatzen duten 30 oinarrizko partikuletako bat da elektroia. 1897an aurkitu zuen J.J. Thompson-ek. Masa 9,11 x 10-28 gramokoa du, hidrogenozko atomoa baino 1.837 aldiz txikiagoa alegia. Elektrizitate negatiboko karga bakarra du, ardatz baten inguruan mugitzen da, eta atomoaren nukleoaren inguruan zirkuluak osatzen ditu. Atomo bakoitzeko elektroi kopurua eta nukleoko protoien kopurua berbera da, hau da, elementu kimikoen sailkapeneko zenbaki atomikoarekin bat dator (hidrogenoak elektroi bat, helioak bi, litioak hiru…). Elektroien estalkia atomoaren nukleoaren diametroa baino 10.000 aldiz handiagoa da, eta erdikideak diren zirkuluez dago osatua. Atomo batek duen elektroi kopuruari atomo zenbakia deitzen zaio, eta zenbaki horren arabera finkatzen da elementu bakoitzak elementuen taulan duen lekua. Elementu bakoitzak elektroi kopuru jakina du. Elektroi horiek atomoaren energia mailetan banatzen dira, geruza sail bat eratuz, geruza bakoitzari sinbolo bat dagokiola: K, L, M, N, O, P eta Q. Geruza horietako bakoitzak atomo kopuru jakin bat har dezake. K geruza da nukleoaren hurbilenekoa, eta gainerakoak hartatik urrunduz doaz. Azkeneko geruzako elektroiek, nukleotik urrunen daudenek, eragiten dute elementuaren jokaera kimikoa eta erreakzionatzeko duen ahalmena. Kanpoko geruza betea duten gaiek ez dute erreakzio edo mugimendurik izaten, baina beteak ez badaude oso eraginkorrak dira, eta elektroiak hartu edo uzteko joera dute, beste atomo batzuekin elkartzen dira, eta horrela egoera egonkorra lortzen dute. Gertaera kimiko eta biologiko guztiak, eta gertaera fisiko asko, elektroien eraginez sortuak dira. v Balentzia elektroia. Atomoaren nukleotik urrutien dagoen geruzan ageri diren elektroiak. Elektroi horiek zerikusi handia dute lotura kimikoak egiteko orduan.  v  Elektroi baliokideak. Geruza berean kokatzen diren elektroiak; quantum zenbaki nagusia eta orbitalak berdinak dituzte beraz.  v  Elektroi eroalea. Elektr. Indar elektrikoaren eraginez, aske geratzen diren elektroiak.