Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

El Salvador

(Izen ofiziala, El Salvadorko Errepublika; gazt. República de El Salvador). Erdialdeko Amerikako estatua. 21.041 km2 eta 5.744.113 biztanle (2007, salvadortarrak). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Honduras; mendebaldean, Guatemala; hegoaldean, Ozeano Barea. Hiriburua: San Salvador (316.090 biztanle, sansalvadortarrak). Hizkuntza ofiziala: gaztelania. Dirua: salvadortar kolona. Erlijioa: katolizismoa eta protestantismoa.  v  Orografia eta hidrografia. Erdialdeko Amerikako herrialde txikiena da, biztanle dentsitate handiena duena, eta Karibe aldera ematen ez duen bakarra. Sumendi kate bat dauka alderik alde. Lurraldearen egitura dela eta, lurrikarak izaten dira. 300 ibaitik gora dira: Grande de San Miguel, Paz, Goascoran… Guztietan luzeena Lempa ibaia da. Guatemalan du sorburua, eta 300 km egin ondoren, Ozeano Barean isurtzen du ura. Ontziz ibiltzeko egokia da azken kilometroetan. Kostaldeko ibaiak laburrak dira. Bestalde, sumendi jatorriko aintzira txiki batzuk ere badira: Ilopango, Coatepeque, Guija…  v  Klima eta landaredia. Klima tropikala da, bero hezea, baina barnealdean lurraldearen garaiera dela eta samurragoa da, eta oro har, epela da. Hala, batez beste, 15-23 °C bitarteko hotz-beroa izaten da urtean zehar. Maiatza-urria bitartean, neguko hilabeteetan, alegia, euri jasak izaten dira (1.500 mm euri inguru), eta uda berriz lehorra da.  v  Kostaldeko alderdi batzuetan baso tropikala da, eta ibai bokaletan mangle zuhaiztiak hazten dira. Mendialdean, tarteka, artadiak eta pinudiak daude. Gainerako alderdietan, lehen basoak zirenak lursailak eta larreak dira gaur egun. v  Biztanleak. Espainiarrak El Salvadorrera iritsi baino lehen bost indiar leinu bizi ziren lurraldean: pokomanak, chortiak, pipilak edo yakiak, lencak eta uluak. Horien artean pipilak ziren nagusi. Mexikoko aztekenaren antzera egituratua zegoen pipilen zibilizazioa. Baina gaur egungo ia biztanle denak espainiarren eta indiarren arteko nahasketaren ondorengoak dira, mestizoak alegia. Hizkuntza ofiziala eta gaur egun zabalduena gaztelania da, baina indiarren hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira, pipila eta leuca adibidez. Bestetik, jaiotza kopurua munduko garaienetako bat da, nahiz eta XX. mendearen erdialdetik aurrera behera egin duen. Hala, biztanle kopurua hain handia izateak gizarte eta ekonomia arazo handiak ekarri ditu. Banaketari dagokionez, biztanleen hiru laurdenak goi-ordokian bizi dira. ■ El Salvadorko biztanleria, oro har, gaztea da eta azkar hazten ari da. Familia gehienak pobrezian bizi dira, eta herrietatik hirirako bidea hartu dute askok. Hiru biztanletik bi sumendien inguruko lur emankorretan bizi dira. Kostako ordokietan askoz jende gutxiago bizi da, eta iparraldeko mendialdean herrixka banaka batzuk baizik ez daude, oinarrizko abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi direnak. Analfabetismo maila handi samarra da (% 28), herriak oso sakabanatuta daudelako, batetik, eta haurrak berehala lanean hasten direlako, bestetik. Hango krisi sozial, ekonomiko eta politikoa dela-eta osasun egoera eskasa da. Bizi itxaropena 66 urtekoa da gizonezkoentzat eta 72koa emakumezkoentzat. Biztanleen % 89 mestizoak dira, indiarrak % 10 eta zuriak % 1. Hiriburuaz gainera, hauek dira El Salvadorreko hiri nagusiak: Santa Ana (523.655 biztanle), nekazaritza eta abeltzaintzaren erdigunea; San Miguel (520.022 biztanle), izen bereko sumendiaren oinean; Soyapango (290.412 biztanle). Hizkuntza ofiziala eta nagusia gaztelania da. Indiar batzuek nahuatl-pipil hizkuntzaz hitz egiten dute.  v  Kultura. El Salvador-ko kultura indiarren eta espainiarren kulturetan oinarritua da. Maien eta beste indiar batzuen antzinako bizilekuen aztarnak daude lurraldean. Lurrikarek eraikuntza kolonial gehienak eraitsi dituzte. Zutik dirautenen artean, aipagarriak dira Sonsonate, San Vicente eta San Miguel hirietako estilo barrokoko eraikuntzak. Literaturari dagokionez, XX. mendean sortu ziren lehen idazle aipagarriak: Francisco Gavidia modernista, eta ondoren, Claudia Lars olerkaria, eta Manuel Aguilar Chávez, Salvador Salazar Arrúe eta Ramón González Montalvo prosalariak. XX. mendeko margolarien artean, aipagarriak dira Pedro de Matheu y Montalvo (1990-1966), Carlos Augusto Cañas eta Ana Julia Alvarez. ■ Ekonomia. Ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza da: kotoia, azukre kanabera eta batez ere kafea. Izan ere, kafearen prezioen gorabeheren mendean dago neurri handi batean ekonomia. Ekonomia ez ezik, ekonomiaren azpiegitura ere (bideak, energia eta bankuak) garatze bidean daude. Ekonomia zerbait suspertu zen XX. mendearen erdialdetik aurrera, baina gerra zibilak kinka larrian jarri zituen herrialdeko produkzio eta garraio egiturak. Hori dela eta, kanpora jo zuen, Estatu Batuetara batez ere, gabezia handienei aurre egiteko laguntza esker. ■ Gutxi gorabehera lurraldearen heren bat landu daiteke. Kafea sumendien mazeletan lantzen da, oso kalitate onekoa da eta Estatu Batuetara eta Europako mendebaldera esportatzen da gehiena. Azukre kanabera eta kotoia behe lurretan lantzen dira. Barne kontsumorako lantzen diren gai nagusiak artoa, arroza, babarrunak eta fruitu tropikalak dira (bananak, mangoa, pinaburua, sagarrak, aguakatea, kokoa, papaia). Biztanle dentsitate handiak behartuta, basoa asko murriztu da. Zur gehiena kanpotik ekartzen da. Bertako zuhaitzen artean aipagarriena eta ugarienetako bat baltsamu zuhaitza da, sendagintzan erabiltzen den erretxina bat dariona. Lurpeko baliabideak oso urriak dira. Herrialdean kontsumitzen den energia elektriko gehiena Lempa ibaiaren ur indarra baliatuz eta Ahuachapango zentral termikoan lortzen da. Industria atzeratua dago, eta urria da: petrolio findegiak, kotoi eta azukre fabrikak, oihalgintza, botikak, ongarriak, garagardoa eta zigarroak. ■ Historia. Ameriketako erdialdeko lehen biztanleak iparraldeko indiar herriak ziren. K.a. III. mendean maiak kokatu ziren gaur egungo lurraldean, baina mende batzuk geroago Yucatan penintsulara joan ziren. K.o. XII. mendean Mexikoko goi-ordokiko nahua leinuko indiarrak oldeka sartu ziren lurraldean. Horietako batzuek, pipilek, Cuscatlango erreinua sortu zuten Paz eta Lempa ibaien artean. 1523. urtean espainiar konkistatzaileak iritsi ziren, Pedro de Alvaradoren gidaritzapean. Guatemala konkistatu ondoren, espainiarrek erraz menderatu zituzten indiarrak, baina erabili zuten indarkeria zela eta, indiarrek matxinatu, eta konkistatzaileak ihes egitera behartu zituzten. Handik gutxira, espainiarrak Guatemalan barrena sartu ziren berriro lurraldean. 1525ean San Salvador hiria sortu zuten, baina hamalau urte behar izan zituzten indiarrak erabat menderatzeko. Hala, bitarte horretan, indiarrak erdia izateraino urritu ziren.  v  Hasieran, El Salvador Guatemalako Kapitaniaren barruan geratu zen. Burujabetasuna lortzeko ahalegin batzuen ondoren, 1811 eta 1814 urteetako iraultzen ondoren, alegia, Guatemalako Kapitania burujabe bihurtu zen (1821). Baina, 1822an, Agustín de Iturbide mexikarraren gudarosteak sartu ziren indarrez lurraldean. Handik hilabete gutxira, Iturbideren inperioa desegin zenean, Ameriketako Erdialdeko Probintzia Batuetako bat bihurtu zen El Salvador (1823-1839). 1841eko urtarrilaren 30ean, El Salvador-ko errepublika burujabea sortu zen.  v  Errepublika garaia. Handik aurrera erabateko borrokak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, baita estatu kolpeak eta diktadurak ere. Hala ere, bake unetan, ekonomiak aurrera egin zuen, kafe emaitza handiei esker. 1895ean, El Salvador, Honduras eta Nikaraguak, bat eginik, Ameriketako Erdialdeko Errepublika Nagusia sortu zuten. Batasun hura 1898an desegin zen Tomás Regalado jeneralaren estatu kolpea zela medio. Hurrengo zortzi agintaldietan nolabaiteko bakea izan zen, baina demokraziarik gabe, lehendakariak berak izendatzen baitzuen ondorengoa.  v  M. Hernández Martínez jeneralaren diktadurak (1931-44) demokraziaren aldeko ahalegin guztiak zanpatu zituen. 1944an, herriaren matxinada batek hauteskundeak egitera behartu zuen, baina handik hiru urtera militar batzorde batek hartu zuen aginpidea. Oscar Osorio komandantearen (1950-56) eta José María Lemus koronelordearen (1956-60) lehendakaritzapean oligarkiak eta kafe-sail handien jabeek aginpidea mantendu zuten, eta Julio Rivera (1962-67) eta Fidel Sánchez (1967-72) koronelen gobernu garaian, erreforma bideratzeko ahaleginak egin baziren ere, ez zen aldaketarik gertatu. Nolabaiteko askatasun politikoak alderdi politiko berrien sorrera ekarri zuen: Alderdi Kristau Demokratikoa (PDC), eta Partido de Acción Renovadora (PAR), geroago Movimiento Nacional Revolucionario (MNR) alderdiaren barruan geratu zena.  v  Langabeziak eta lur ezak 300.000 salvadortar inguru bultzatu zituen herrialdetik kanpora 1950-60 bitartean. Horietatik gehienak Honduras aldera joan ziren, baimenik gabe, eta lurrak hartu zituzten. Baina 1969an Honduras-ko gobernuak nekazaritzaren erreforma bideratu zuenenean salvadortar asko lurrik gabe geratu, eta sorterrira itzuli ziren. Bi herrialdeen artean sortu ziren tirabirak futbol partidu batean lehertu ziren. Horrenbestez, 1969ko uztailean Salvador-ko gerra-hegazkinek Honduras-ko aireportuak bonbardatu zituzten, eta gudarostea mugan barrena sartu zen. Honduras-ko gudarostea atezuan egon zen, harik eta Ameriketako Estatuen Erakundearen (OEA) bitartekaritzaz su-etena izenpetu zen arte. Erabateko bakea 1980 arte ez zen hitzartu. Gertaera hari «futbolaren gerra» deitu zitzaion.  v  Gerra zibila. 1972ko eta 1977ko hauteskundeetan A. Molina koronela eta C. H. Romero jenerala, alderdi ofizialetako ordezkariak, iruzur egin izanaz salatu zituen oposizioak. Bien bitartean, gobernuak iruzurraren aurkako manifestazioak eta lurra banatzea eskatzen zuten nekazarien matxinadak gogor zapaldu zituen, eta Eliza, nekazari elkarte askoren sortzailea, gobernuari aurre egiten hasi zitzaion. José Napoleón Duarte, oposizioko burua eta Alderdi Kristaudemokrataren (PDC) hautagaia, Guatemalara erbesteratu zen. Ezkerreko talde iraultzaileek –1980ko abuztuan Nazioaren Askapenerako Farabundo Martí Frontera (FMLN) bildu zirenak– borroka armatuaren alde egin zuten, eta gobernuaren gudarosteari eta eskuin muturreko taldeei aurre egiten hasi zitzaizkien. 1979ko bukaeran indarkeria erabat zabaldu zen (atentatuak alde batetik, zapalkuntza latza bestetik…). Egoera hari aurre egin nahian, urrian, El Salvador-ko gudarosteko ofizial gazte batzuek estatu kolpea jo, eta Romero jeneralari aginpidea kendu zioten. Giza eskubideak babestea, nekazaritzaren erreforma bideratzea eta hauteskunde libreak deitzea agindu zuten, eta sinesgarritasuna irabaztearren, José Napoleon Duarte batzordekidetzat hartu zuten 1980ko urtarrilean, baina finantzatako eta gudarosteko eskuindarren presioak galarazi zieten agindutakoa betetzea. Barne egoerak okerrera egin zuen, eta gerra zibila erabat zabaldu zen. Hala, 1980an zehar, 22.000 pertsona inguru hil ziren. Horietako bat Oscar Arnulfo Romero, San Salvador-ko artzapezpikua, eskuindar komando batek martxoan hil zuena. Gobernuak ez zuen egoera menderatzeko gaitasunik. 1980ko abenduan, Estatu Batuetako gobernuaren laguntzaz, Duartek hartu zuen gobernu batzordeko lehendakaritza. Estatu Batuek, gainera, armak eta dirua eman zizkioten El Salvador-ko gobernuari eta, bestetik, haien ustez gerrillari laguntzen zioten Nikaraguaren eta Kubaren aurkako blokeoa are gehiago estutu zuten. 1982an, konstituzio-hauteskundeak egin ziren, eta eskuineko alderdien koalizio bat nagusitu zitzaion botoetan garaile atera zen Duarteren PDC alderdiari. Ezkerreko alderdiek ez zuten hauteskundeetan parte hartzerik izan. Gerra zibila are gehiago gogortu zen. Duartek dimisioa aurkeztu eta Alvaro Magaña Borjo liberalak hartu zuen behin-behineko lehendakaritza. 1983ko abenduan onartu zen konstituzioa, eta hurrengo urteko martxoan lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren. Duartek irabazi zituen. Ezkerreko alderdiek ez zuten parterik hartu. Duartek FMLNko gerrillarekin negoziatzen hasteko borondatea agertu zuen. Bestalde, 1986an, lurrikara batek hiriburuko erdigunea suntsitu zuen. 1987ko abuztuan, Ameriketako erdialdeko herrialdeetako lehendakariek Erdialdeko Amerikako arazoei irtenbidea emateko bake hitzarmen bat izenpetu zuten Guatemalan. El Salvador-ko gerran ordea ez zen inolako su-etenik izan. Aitzitik, zenbait talde eskuindarren atentatuak areagotu ziren. 1988 eta 1989ko hauteskundeetan Alianza Republicana Nacionalista (ARENA) eskuindarra atera zen garaile, eta Alfredo Cristiani errepublikaren lehendakari izendatu zuten. 1989ko azaroan, FMLN-aren ekintzak hiribururaino iritsi ziren. Gerrillaren hedatze hari erantzuteko, soldadu talde batek San Salvador-ko unibertsitateko erretorea, Ignacio Ellacuría bilbotarra, hil zuen. 1990eko martxoan amnistia eman zen gerrillarientzat. Hilabete batzuk geroago, Nazio Batuen bitartekaritza zela bide, Cristianiren gobernuaren eta gerrillaren arteko elkarrizketak hasi ziren Mexikon. 1991ko hauteskundeeak, gerrillak su-etena agindu zuelarik, ARENAk irabazi zituen berriro. Elkarrizketek jarraitu zuten, eta bake eta adiskidetze hitzarmenak iragarri ziren.  v  Azken urteak. 1992ko urtarrilaren 12an, 12 urteko gerra zibilaren ondoren (75.000 hil, 8.000 desagertu), alde biek –gobernuak eta Frente Farabundo Martí (FMLN) erakunde politiko-militarrak– bakea izenpetu zuten Chapultepec-en. Hitzarmenaren arabera, aldaketak egin behar ziren konstituzioan eta gudarostean, aldaketak egin behar ziren, halaber, nekazaritzaren antolakuntzan, polizia zibil berri bat eta giza eskubideen aldeko erakundeak sortu behar ziren, eta abar. Urtarrilean bertan preso politiko guztiak aske geratu ziren. FMLN legeztatu berriak oposizioko talde guztien batasuna aldarrikatu zuen jendaurreko bere lehenengo agerraldian, 1992ko otsailean. Bertan izan ziren, urteetan ezkutuan bizi ondoren, gerrillako buruzagi nagusiak: Shafick Handal, Joaquín Villalobos, Fernán Cienfuegos, Francisco Jovel eta Leonel González. Hitzarmenak gauzatzeko arazoak agerian geratu ziren berehala. Hala ere, 1993ko otsailaren 15ean azkeneko 1.700 gerrillariek armak eman zituzten, Erdialdeko Amerikako zenbait estatubururen eta NBEko idazkari nagusiaren aurrean. Polizia Nazional Zibila, Giza Eskubideen Prokuradoretza eta Hauteskundeetarako Auzitegi Gorena sortu ziren. NBEk batzorde berezi bat antolatu zuen gerra zibileko gehiegikeriak aztertzeko: Egia Batzordea. Ikerketak egin ondoren, Defentsa ministroak, René Emilio Poncek, dimisioa eman zuen, berari leporatu baitzioten San Salvadorreko Unibertsitatean, 1989an, sei jesuita (Ignacio Ellacuría bizkaitarra haien artean) hiltzeko agindua eman izana. Batzordeak militarrei, haien mendean zeuden heriotzaren eskuadroiei eta estatuari leporatu zioten gerra zibilean egin ziren gehiegikerien % 85. Egia Batzordeak 102 buruzagi militar kargurik gabe eta gerrillako buruzagi batzuk eskubide politikorik gabe uztea gomendatu zuen. Cristiani lehendakariak amnistia orokorra proposatu zuen gehiegikeria kasu guztietarako, batzordearen dokumentua jakinarazi eta bost egunera onartu zena. Gerran egindako krimenik latzenak zigorrik gabe geratu ziren horrela. 1994ko martxoaren 20an egin ziren gerra ondoko lehenengo hauteskundeak: ezkerreko koalizioak botoen % 25,5 eskuratu zituen eta eskuinak (ARENA) % 49,2. Ezkerrekoen iruzur salaketak gorabehera, El Salvadorreko NBEko begiraleek hauteskunde garbiak izan zirela ziurtatu zuten. Hauteskundeen ondoren FMLNk barne krisi bat izan zuen, hura osatzen zuten taldeen ikuspegi desberdinak zirela eta. Ahaleginak ahalegin, bake hitzarmenak ez zuen indarkeria desagerrarazi: gudarostearen inteligentzia zerbitzuen ekintzez eta militarrek krimen antolatuan zuten parte hartzeaz gainera, militar eta gerrillari ohien eskakizunei (lurra, kalte-ordainak, eta abar) erantzunik eman ez izanak indarkeria ekintzak eragin zituen. Espetxeak, bestalde, gainezka zeuden oraindik, eta presoak oso baldintza eskasetan bizi ziren; matxinada asko izan zen, eta 70 lagunetik gora hil ziren. Gobernu berriak herrialdeko ekonomia urtero % 5 haztea lortu bazuen ere, pobrezia ez zen gutxitu. Datu ofizialen arabera, biztanleen % 29 behartasunean bizi da, eta % 22 behartasunik larrienean. Gizarte eta ekonomia arazok ez ezik, ingurumen arazoak ere larriak dira El Salvadorren. Datu ofizialen arabera landarediaren % 90 deuseztatu da, eta lurraldearen bi herenak oso higatuta dute eta behar ez den moduan ustiatuta. Jatorrizko basoaren % 2 baino ez dago ukitu gabe. Gainera, ibaien % 90 kutsatuta daude ur zikinez eta hondakin kimikoez. 1997ko udal hauteskundeetan FMLN atera zen garaile hiriburuan eta beste hiri askotan. Legebiltzarrean ARENAK (botoen % 33,3) 28 aulki lortu zituen eta FMLNk (% 32,1) 27. 1998ko martxoan argitaratu zen ikerketa baten arabera, El Salvadorren indarkeria politikoak eta kriminalak ekonomiaren hazkunde potentzialaren % 25 galarazten zuen urtero. Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuk bezala, Mitch urakanak gogor jo zuen El Salvador ere 1998ko irailean. Ehunka pertsona hil ziren, eta 28.000 baino gehiago etxerik gabe geratu ziren. 2001. urtearen hasieran lurrikara gogor bat izan zen, eta jende asko hil zen; kalte materialak ere izugarriak izan ziren. Eta handik hilabetera antzeko beste lurrikara baten ondorioz ehunka familia gelditu ziren etxerik gabe, herrialdearen barrualdean bereziki. 2004ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Elías Antonio Sacak irabai zuen (ARENA alderdikoa).
http://www.elsalvador.gob.sv/