ekinodermo
iz. Zool. Erradio simetria duen itsasoko animalia zelula aniztuna. v Gehienetan bost erradio izaten dituzte helduak direnean; larba aldian ardatz bakarreko simetria izaten dute. Kare-haitzezko azaleko eskeletoa izaten dute, xaflatxoz osatua. Askotan arantzak izaten dituzte xaflatxo horietan. Konplexutasun handiko hodi sistema bat izaten dute, luzakin mugikor batzuekin (oinekin) lotuta askotan. Ekinodermoak zelomadunak dira. Helduak direnean itsaso hondoan bizi dira ia beti; larba aldian, berriz, planktonean bizi dira. Elikatzeko edo ibiltzeko sistema adar bakoitzean ardatzaren bi aldeetara banatua izaten dute, parez pareka antolatuta dituzten barrunbe zerrenda batez eraturik, barrunbe bakoitza oin edo anbulakro bati dagokiola. Oinak oso mugikorrak izaten dira, mintz mehekoak, zentzumenerako, arnasa hartzeko eta ibiltzeko erabiltzen direla. Itsasoko animaliarik ugarienetakoak dira. Asko itsasertzean bizi dira, beste batzuk lokatzetan eta badira itsasorik sakonenetan bizi direnak ere. Gaur egungo ekinodermoak bost klasetan banatzen dira:
1. Krinoideoak (itsas liliak).
2. Holoturoideoak (itsas kuiak).
3. Asteroideoak (itsas izarrak).
4. Ofiuroideoak (ofiuroak).
5. Ekinoideoak (itsas trikuak).
Horiez gainera, ekinodermo fosiletan beste hainbat klase eta mota ezagutzen dira.