Ekin
1952. urtean, Bilbon sortu zen talde abertzalea, ETAren aitzindaria. Bilbon ari ziren ikasle batzuek sortu zuten ezkutuko talde hau; gerora ETA erakundea sortuko zuten Jose Luis Alvarez Enparanza «Txillardegi», Julen Madariaga eta Jose Maria Benito del Valle tarteko ziren. Taldeak Ekin izeneko aldizkaria ateratzen zuen eta abertzaleen prestakuntza zuen helburu nagusi. 1952-1955 bitarteko urteetan, Ekinek eta Euzko Gaztediak (EAJko gazteak) harreman estuak izan zituzten eta 1955ean bi erakundeak batu egin ziren. Euzko Alderdi Jeltzalearekin harreman txarrak izan zituzten (Ajuriagerra Bizkaiko buruzagiak Ekin deuseztatzea proposatu zuen) eta taldeak Agirre lehendakariarekin hitz egin zuen 1958an. Agirrek harrera hobea egin zien arren, Hego Euskal Herriko buruzagi nazionalistek ez zuten onartu Ekingo kideekin batera jardutea, eta 1959. urtean etorri zen ETA erakundea sorrarazi zuen haustura. 1999ko azaroan ezker abertzalearen baitan sortutako higikunde gisa osatu eta aurkeztu zen formalki, eta KASen oinordekotzat har daiteke. 1998an, legez kanpo gelditu zen KAS, Baltasar Garzón Espainiako Audentzia Nazionaleko epaileak bere epaietan "ETA-KAS talde terrorista" esapidea erabiltzen hasi ondoren. Ekin urte bete geroago sortu zen eta, besteak beste, Espainia eta Frantziako estatuen aurkako desobedientzia zibila aldarrikatu du. 2000. urteko irailean, Ekineko 20 kide atxilotu zituzten Baltasar Garzónek koordinatutako operazio batean, ETAren egitura politikoa izatea egotzi baitzion hark Ekini.