ekido
izond. Zool. Ugaztun perisodaktiloen ordena osatzen duten hiru familietako bateko animaliez esaten da. Ekidoak dira, besteren artean, zaldia, astoa eta zebra. Gorputza ile motzez estalia izaten dute, eta lepoaren gainaldean eta isatsean zurda luzeak edukitzen dituzte. Isatsa bera ere luzea dute. Hanka mehe luzeak dituzte, apatx bakarrekoak. Ekido gehienak lasterketarako egokituak daude, beren burua arriskuan ikusten dutenean baliatzen dira, batez ere, lasterketarako duten egokitasunaz. Sei ebakortz handi izaten dituzte, eta horien itxuratik jakin ohi da, mota batzuetan, gutxi gorabeherako adina. Berezko bizitokia Asiako erdialdea eta mendebala, eta Afrika dute. Ekidoen familian genero bakarra sartzen da, equus izenaz ezagutzen dena.