Eibar
Gipuzkoako mendebaleko udalerria, Bizkaiko mugan (Debabarrena eskualdea). Mugak: iparraldean Elgoibar eta Markina-Xemein (Bizkaia), hegoaldean Elgeta eta Bizkaia, ekialdean Elgoibar eta Soraluze, eta mendebalean Markina-Xemein, Mallabia, Ermua eta Zaldibar. Altuera 121 m. 59,1 km2. 29.816 biztanle ditu (eibartarrak). Auzoak: Arrate, Maltzaga eta Aginaga. Ego ibaia igarotzen da udalerriaren ezkerraldetik. Eibar Ego ibaiak irekitzen duen haran sakon baten hondoan dago, Urko (797 m), Kalamua (767) eta Galdaramuño (671) mendien artean. v Hizkuntza. Eibarko berezko hizkuntza euskara da, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 14.785 euskaldun, 5.017 ia euskaldun eta 10.070 erdaldun. v Ekonomia. Eibar oso garrantzi handiko industria hiria da, azken urteotan oinarrizko ekonomia egitura kinka larrian dagoen arren. XX. mendean zehar, ohiko industria (burdinolak eta armagintza) erabat aniztu da eta egun Gipuzkoako metalgintzaren gune garrantzi handiko bat da Eibar aldea (makineria, lanabesak, bizikletak, motozikletak, josteko makinak…). Lantegiak oso leku txikian pilatuta daude eta hori dela eta, Eibarko hirigunea jendetsua (1.409 biztanle km2-ko) bezain itxuragabea da. Eibarko nekazaritzak ez du garrantzi handirik. Behi aziendaren hazkuntza da baserrietako jarduera nagusia eta barazkiak nahiz bazka landareak lantzen dira. Zerbitzuen alorra ez da behar adina indartu eta ez dio epe laburrean hain azkar hazi den hirigune bati behar bezala erantzuten. Eibar garrantzi handiko merkataritza hiria da eta Debako haran osora zabaltzen da bere eragina. Kultura, osasun, administrazio, finantza eta bestelako zerbitzuez hornituta dago. Ikastetxeen artean aipagarriak dira Arma Eskola eta Lanbide Heziketako Unibertsitatea, ospe handiko ikastegi teknikoak biak. Bilboko, Gasteizko eta Donostiako bideak elkartzen diren gunean dagoenez gero, Eibarko irtenbide naturalek asko erraztu dute industriaren garapena. Bertatik igarotzen da Donostiako eta Bilbo hiriak lotzen dituen burdinbide estua, baina garraioa errepideetatik egiten da nagusiki (Bilbo-Behobia autobidea, Gasteiz-Maltzaga errepidea). v Artea. Aipagarriak dira San Andresko eliza erromanikoa (XIII-XVII. m.); Untzuetatarren dorretxea (XVII. mendean berreraikia, XII. mendeko dorretxearen gainean), Isasitarren jauregia, Markeskua deitua (XVI. m.); Aldatse jauregi barrokoa (XVII. m.); Sagartegieta jauretxe neoklasikoa (XVIII. m.). v Historia. Eibarko herriari buruzko lehen albisteak XII. mendekoak dira. Alfontso X.a Gaztelako erregeak Logroñoko Foruak eman zizkion 1346an, eta ordutik aurrera Eibar harresiz hornituriko hiribildua izan zen. XIV. eta XV. mendeetan zehar Ahaide Nagusien arteko gatazka leku bihurtu zen. XVI. mendean hasi ziren Eibarko armaolak lanean (1538). 1573. urtean Soraluzeko Armaola sortu zen Filipe II.a Espainiako erregearen aginduz, eta Eibarko armagileak harentzat lanean hasi ziren. XVIII. menderako guztiz hedatua zen Eibarren damaskinatuen teknika. XIX. mendetik aurrera, ospe handia hartu zuten mundu osoan Eibarko damaskinatu egileek. 1728. urtean sortu zen Donostian Ameriketarako armen garraioa bideratzen zuen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, eta Eibarrek ekonomia hazkunde nabarmena izan zuen XVIII. mendean barrena. Eibarko herriak 1766. urteko matxinadan hartu zuen parte, garia eta premiazko ziren beste gai batzuk izugarri garestitu zituzten agintarien aurka. 1794ko abuztuaren 29an, Konbentzioko gerraren garaian, Eibarko udaletxea, eskola, erietxea eta 116 etxe erraustu zituen oste frantsesek eragindako sute batek. Lehen Karlistadan Eibar liberalen esku geratu zen eta Zumalakarregik hartu zuen 1835ean. Bigarren Karlistadan Eibar bi alderdien artean banatu zen; guduek ez zuten herrian eragin zuzenik izan. XIX. mende bukaeran hasi zen sozialismoa Eibar aldean zabaltzen. Bilbo aldetik zetozen langileriaren aldeko ideia berriak, baina han ez bezala, Eibarko lehenengo kide sozialistak bertako langile euskaldunak ziren. Lehen Mundu Gerraren ostean, Eibarko ohiko armagintza merkaturik gabe geratu zen, eta armaolek bizikleta (Orbea) edota josteko makinen (Alfa) lantegi bihurtzeko joera hartu zuten pixkanaka. Sozialistak eta errepublikazaleak udal hauteskundeetan nagusitu ondoren, Eibar izan zen, Espainiako estatu osoan, errepublika aldarrikatu zuen lehen herria (1931ko apirilaren 14a). 1937ko apirilaren 26an sartu ziren Francoren soldaduak Eibarren, herria bonbardatu eta suntsitu ondoren. Gerra ondoren, 1950etik aurrerako urteetan, Euskal Herritik kanpoko etorkin asko joan zen Eibarra. Urte horietan herriko biztanleria bikoiztu egin zen eta industria zabaltzean guztiz aldatu zen herriaren itxura.