Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ehrenburg

edo Erenburg, Ilia Grigorievitx. Ukrainako idazlea (Kiev, 1891 - Mosku, 1967). Jatorri juduko familia batean sortu zen. 1908-1917 bitarteko urteetan Parisen bizi izan zen eta haren lehen obra handian nabaria da (Julio Jurenitoren Abentura Bitxiak, 1921) bere sorterritik kanpoko literaturaren eragina. Ondoren, sozialismoaren handitasunak kantatu zituen (Bigarren eguna, bost urteko plangintzaren kronika, 1934). 1932. urtean Espainiako errepublikari buruzko liburu bat egin zuen (Espainia, langileen errepublika) eta 1936-1942 bitarteko urteetan gerrako kazetari izan zen Espainian eta Frantzian (Parisen erorketa, 1942ko Stalin saria). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, urte haietan ikusi zituen izugarrikeriek hunkituta, Ekaitza izeneko eleberria idatzi zuen 1947an. 1952an, Bakearen Lenin saria jaso zuen, mundu osoan bakearen alde jardun ondoren. 1954. urtean Stalinen garaia kritikatu zuen Urtzea (1954) obran. 1960. urtean bere oroitzapenak eman zituen argitara, Jendea, urteak, bizitza izenpean. Obra sakon eta bizitasun handikoak idatzi zituen, eta ospe handia lortu zuen mundu osoan.