egiptoera
iz. Antzinako Egipton hitz egiten zen hizkuntza kamito-semitikoa. v Egiptoera Nilo ibaiaren behe arroko bi ertzetan eta deltan erabiltzen zen, Egiptoko inperioak historian zehar bere mende izan zituen lurraldeetan hain zuzen ere. Egiptoarrek hiru idazkera mota erabili zituzten: hieroglifikoa, monumentuetan azaltzen dena; hieratikoa, idazkera hieroglifikoan erabiltzen ziren zeinuen laburdurez baliatuz papiroetan idazteko erabiltzen zena, eta demotikoa, idazkera hieratikoan baino zeinu gutxiago eta soilagoak zituena. Ptolomeotarren garaian, Egipton (K.a. 323-K.a. 30) grekoa bihurtu zen, arian arian, goi mailako jendearen eta Alexandriako biztanleen hizkuntza nagusia, egiptoarrek beren hizkuntzari eutsi bazioten ere. Erromatarren garaian egoera hura areagotu baizik ez zen egin. K.o. I. mendean hasi zen koptoa edo azken garaiko egiptoera alfabeto grekoaren arabera idazten; K.o. III. mende erdialdetik aurrera Egiptoko kristauen hizkuntza nagusia izan zen (Bibliaren eta liburu santuen itzulpenak, III-IV. m.). VII. mendean arabiarrek hartu zuten Egipto eta, emeki-emeki, koptoak galdu egin zuen ordura arte komunikazio hizkuntza gisa zuen garrantzia, eta liturgiarako edo literaturarako hizkuntza bihurtu zen. XII. mende bukaeran hizkuntza hila zen ia koptoa: koptoek beren hizkuntza utzi zuten kristautasunarekin batera, eta XIII. mendetik aurrera elizako hizkuntza baizik ez da izan. Koptoa, antzinako egiptoeraren ondorengo hizkuntza, eliza koptoaren liturgia hizkuntza da egun, arabierarekin batera.