Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

egia

iz. Denarekin, izan denarekin edo izango denarekin bat datorren adierazpena; arrazoiaren arabera ezin uka daitekeen esaldia. || Egia esan. Aitorpen moduko esaldi baten atariko-edo gisa ezartzen den esapide hanpatua. Egia esan, ez nuen delako liburua gogoko. || Egia esateko. Egia esan. || Egiatan. adlag. Benetan. || Egiaz. adlag. Egiaren arabera; benetan.  v  Fil. Egiaren esanahiaren edo definizioaren inguruan lau teoria nagusi izan dira: egiaren koherentziaren teoria, korrespondentziarena, teoria pragmatikoa eta teoria eragilea. Koherentziaren teoriaren arabera, adierazpen bat egia izateko ezinbesteko baldintza da adierazpen horrek beste zenbait adierazpenekin sistema bat osatzea. Sistema horretako gainerako enuntziatuekiko logikazko harremanek adierazten dute enuntziatua egia den ala gezurra (a priorizko egia).  
Korrespondentziaren teoriak, aurrekoak ez bezala, enuntziatua sistema batean sartu gabe, aske aztertzeko aukera ematen du, enuntziatua bera soilik egia den ala gezurra den aztertzeko aukera alegia. Teoria honek pentsatzen denaren eta gertatzen denaren arteko loturaren arabera aztertzen du egia.           
Teoria pragmatikoak, sistema bat egia ala gezurra den aztertzeko, sistema hori egiatzat onartzeak praktikan zein ondorio izango duen hartzen du kontuan. Pentsamendu jakin bat onartzeak jakintza zabaltzen lagunduko badu eta erabilgarritasuna izango badu, egiatzat hartzen da.        
Teoria eragilearen arabera, «egia» edo «egia da» esatea zerbait egiteko edo adierazteko bidea baino ez da. «Elurra zuria da» esaten denean ez da ezer berririk esaten, aldiz, zerbait azpimarratzen da; adierazpen horrek bere aldetik ez du tasun berezirik, estilistika baliabide bat da soilik.   
 v  Egia ontologikoa eta egia logikoa. Tomismoarentzat izatearen ulergarritasuna da (egia ontologikoa) eta pentsatzen denaren eta errealitatearen arteko batasuna da (egia logikoa) egia.
 v  Egia formala. Arrazoiz ezezta ezin daitekeen iritzia; ulermenaren eta bere kategorien artean kontraesanik ez izatea.
 v  Egia morala. Esaten denaren eta sentitzen denaren edo pentsatzen denaren arteko batasuna.  
 v  Egia balioa. Logikan, adierazpen edo proposizio bat egia edo gezurra izatea. Lotura logikoak, disjuntzioa eta ezeztapena bezalakoak adibidez, egiaren funtziotzat har daitezke, izan ere, proposizio baten egia balioa, bere osagaien egia balioen araberakoa baita. Prososizio elkartuen egia balioa egia tauletan azter daiteke.     
 v  Mat. Boole-ren aljebra eragiketetan parte hartzen duten egia eta gezur balioak.   
 v  Egia taula. Mat. Booleren aljebrako elementuen egia eta gezur balioen irudikapena. || Fil. Egia eta gezurraren balioak biltzen dituen irudi sistematikoa. Lerro bakoitzak proposizio elkartuen osagaien egia balioen aukera guztiak jasotzen ditu, eta goitik beherako lerroek aukera horien arteko konbinazio guztiak. Adibidez, disjuntzio erakoetan.