Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

EFTA

(European Free Trade Association; Eusk., Europako Komertzio Libreko Elkartea). Sei naziok osatutako erakundea (Austria, Norvegia, Suedia, Suitza eta Liechtenstein, Finlandia eta Islandia), beraien arteko industria salerosketan mugak errazteko antolatua; nazio bakoitzak ordea bere salerosketa politika bideratu ohi du EFTAz kanpoko herriekiko. Erakundearen egoitza nagusia Genevan dago. Erabakiak gobernuek aplikatzen dituzte, banaka, EFTAk ez baitu nazioen gaineko ahalmenik.  v  Europako Ekonomia Erkidegoan sartu nahi ez zuten Organisation for European Economic Co-operation (Europako lankidetza ekonomikorako erakundea) izeneko elkarteko estatu kideek sortu zuten EFTA, Europako Elkartearekiko harremanetarako hizketak hautsi zirenean (1958). Haren ondorioz, Austria, Danimarka, Norvegia, Portugal, Suedia, Suitza eta Britainia Handiko estatuak elkartu eta EFTA sortu zuten (Stockholmeko Ituna, 1959ko azaroa). Hurrengo urtean abiarazi zen erakundea. 1961eko uztailean, Finlandia onartu zuten EFTAren barnean. 1970. urteko martxoan Islandia bihurtu zen kide, eta handik hiru urtera, 1973an, Britainia Handia eta Danimarka Europako Ekonomia Erkidegoko partaide bihurtu ziren, EFTA utzi ondoren. Gauza bera egin zuen Portugalgo estatuak 1986an. 1977tik aurrera sendotu egin dira EEE eta EFTAren arteko harremanak; 1992an, Europako ekialdean gertaturiko aldakuntza sakonen ondorioz, Europako Ekonomia Erkidegoak hartu duen nagusitasunak behartuta, Austria, Finlandia eta Suedia estatuek agertu dute EEE erakundean sartzeko asmoa.