Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Efeso

Asia Txikiko antzinako hiria. Joniarren kolonia izan zen; K.a. VIII. mendean merkatari hiri indartsua zen, eta Lidiako erregeei laguntzen zieten bertako bankariek. Artemisa jainkosari egin zioten tenplua, munduko zazpi gauza miresgarrietako bat zen: Erostrate artzainak K.a. 356an erre zuen, baina berriro eraiki zuten. Eszitek eta bizantziarrek guztiz hondatu zuten geroago. Kristauen lehen hiri nagusietako bat izan zen (San Paulo bertan izan zen). Han jaioak dira Agasias, Kallinos, Heraklito, Hipponax, Parrasios, Xenofonte, eta han egin zen hirugarren kontzilio ekumenikoa (431).  v  Efesoko Kontzilioa. Eliza Katolikoak egin zuen hirugarren kontzilio ekumenikoa, Sortaldeko enperadore Teodosio II.ak deitua. Nestorioren eta Alexandriako Ziriloren arteko eztabaidak izan ziren bertan. Kristoren bi izaerak, jainkozkoa eta gizonezkoa, nola bateratzen ziren, eta Maria Jainkoaren Amatzat (Theotokos) hartzea ala ez izan ziren eztabaida gaiak. Nestorio, Kristoren bi izaerak ez zirela bat, eta ondorioz Maria ez zela Jainkoaren ama aldarrikatzen baitzuen, kondenatu egin zuten azkenean. Heresia garrantzitsu baten aitzindari izan zen Nestorio ordea (nestorianismoa).