Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Edo

(Eusk., «Badiako atea»). Tokio hiriaren antzinako izena. v Japoniako aro modernoaren aurreko azken aroa, Tokugawa garaia ere deitua (1603-1867). Tokugawa Ieyasu shogun edo agintari militarrak eman zion hasiera garai honi. Haren agintaldian Japoniako lurralde autonomo guztiak aginpide nagusiaren mendean jarri ziren eta Edo hiria (egungo Tokio) inperioko hiri nagusi bihurtu zen. Tokugawa Ieyasuk ezarri zuen sistemari esker Japoniako lurraldeek nolabaiteko autonomia izan zuten eta ordura arteko gizarte egitura goitik behera aldatu zen (neurri bereziak hartu ziren laborariak, biztanleriaren % 80, nekazaritzaz bestelako lanetan has zitezen eta era horretan murriztu egin ziren militarrek zeuzkaten pribilegioak) eta politika haren fruitu hazi zen Japoniako lehen merkatari burgesia. Kanpo harremanetan, bestalde, Txinako eta Europako merkatariekin hasi ziren tratuan Japoniako merkatariak eta misiolari katolikoek bertan egokitzeko baimen berezia lortu zuten. XVII. mende bukaeran, Edo, Osaka eta Kyotoko hiriak eta Nagasakiko portuak handitu ziren, eta gorakada nabarmena izan zuen bertako industria tradizionalak (zeta eta kotoigintza, papera eta portzelana). Laborantza zen, halere, bertako langintza nagusia eta militarren garrantzia handia zen oraindik. Egoera horrek bere horretan iraun zuen XIX. mende erdialdera arte: finantza arazoak garrantzitsuak ziren neurrian, indartsu jarraitzen zuten samurai edo militarrek. Arazo hauek eta mendebaleko herri kolonialisten erasoen mehatxuek ekarri zuten shogunen aginpidearen bukaera, eta inperioa berriz ere nagusitu zen lurralde autonomorik gabeko Japonia batuan. Hitosubashi Keiki edo Yoshinobu izan zen azken shoguna (1867), eta Meiji enperadoreak ezarri zuen berriro inperioko aginpide gorena.