Dürer, Albrecht
(Al. Albrecht Dürer). Alemaniar margolari eta grabatzailea (Nurenberg, 1471 - Nurenberg, 1528). Alemaniako Errenazimentuko pintore handiena izan zen, garai hartako Italiako maisu gailenen parean jarri daitekeen pintore bakarra. Flandesko pintoreen teknikak ongi menderatzen zituen artista zen, Italiako moldeak ere bereganatu eta pinturari eta grabaketari buruzko ikerketa teorikoak egin zituena. Nurenbergen lanean ari zen zilargin hungariar baten semea zen, eta Durero zilarra eta urrea lantzen hasi zen aitaren lantegian. Wolgemut margolari eta grabatzailearekin lan egin zuen (1486-1489). 1490. urtean Flandesera jo zuen eta han marra zehatza eta konposizioaren legeak ikasi zituen (Aitaren erretratua, 1490). Flandesen bertan izan zuen Andrea Mantegna italiar pintorearen naturalismoaren berri eta urrundu egin zen aurreko irakasleen molde gotiko zaharkituetatik (Autoerretratua senargai jantzian, 1493, Mendebaleko pinturako lehen autoerretratua). 1495. urtean Italiara jo zuen eta bertan ezagutu zituen garai hartako artista handienen obrak. Bertan hobetu zituen gorputzen moldaketa eta espazio perspektiba (Gurutziltzatze Handia, 1495, Leonardo da Vinciren kutsuko konposizioa eta flandestarren adierazkortasuna ageri duen obra, zur oholean egina). Urte horretan berean antolatu zuen Nurenbergen bere pintura eta grabaketa lantegia eta bertan hasi zen kobrea lantzen. Aurrerantzean obra bikainak egin zituen (Apokalipsia, 1498, zurezkoa). Garai hartan hasi zen Pasio Handia zurezko grabatua egiten eta autoerretratu, erretratu eta beste margolan mota batzuk landu zituen (San Jeronimo; Dresdeneko erretaula; Herkules eta Stinfale aintzirako txoriak, kontserbatu den pintura mitologiko bakarra; Doloreetako Kristo). 1500. urtetik aurrera anatomia eta perspektiba arazoak antolatzen saiatu zen (Paumgartner erretaula, 1502; Adan eta Eva, 1504, kobre xaflan eginiko grabatua; San Eustakio, Nemesis eta grabatu asko). Grabatuek ospe handia eman zioten Durerori Europa osoan. Venezian egon ondoren (1505-1507), joera manieristak agertu ziren kolore guztiz biziek argituriko bere oholetan (1507, Adan eta Eva). Kolorea nagusitu zen bere Hirutasun Sainduaren Gurtza obran (1511). 1512. urtetik aurrera Durerok margolan gutxiago egin zuen eta Maximiliano enperadorearentzako lanetan hasi zen (dekorazio lanak eta liburu ilustrazioak) eta grabatu lanetan aurrera egin zuen (Malenkonia, 1514, kobrean eginiko grabatua). Holandan egon zen 1520-1521 bitarteko urteetan eta bertako pintore flandestarrek maisu gisa hartu zuten. Azken urteetan, margolan gutxi egin zituen arren, Lau Apostoluak (1526) azkeneko lan bikaintzat hartua izan da. Garai hartan egin zuen Luteroren erreformaren aldeko aitorpena. Durero Alemaniako pintura eta grabaketako maisu handia izan zen, jarraitzaile asko izan zuena. Lan plastikoez gainera, arteari buruzko liburu batzuk idatzi zituen (Neurtzeko moduei buruzko irakasketa, 1525; Gotorlekuei buruzko tratatua, 1527; Giza gorputzaren neurriei buruzko tratatua, 1528).