Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Durango

Bizkaiko udalerria (Durangaldea). Mugak: iparraldean Ibarruri eta Berriz, ekialdean Berriz, Garai eta Abadino, mendebalean Zornotza eta Dima, eta hegoaldean Mañaria, Izurtza eta Abadino. 29,87 km2. 24.337 biztanle ditu (durangarrak). Auzo nagusiak: Orobio, Orozketa eta La pilastra. Durangotik Ibaizabal ibaia igarotzen da Etxanerreka eta Mañaria adarren ura jaso ondoren. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 10.366 euskaldun, 5.216 ia euskaldun eta 7.846 erdaldun. Egun industria herria da, baina zerbitzuek ere garrantzi handia dute. XIX. mendean babes hiria zen oraindik, eta Erdi Aroko ezaugarri ugari du: Uribarriko Santa Maria eliza gotikoa, XVI. mendeko Santa Ana parrokia, X-XIII. mendeko Tabirako San Pedro eliza (XVI-XVII. mendeetan berriro eraikia), San Agustin komentua (egun udal erietxea), XV. mendeko Krutziagako gurutze-harria, jauregiak, ateak eta dorretxeak. v Historia. Durango edo Tabirako Uri barria Durangaldeko hiri nagusia izan zen sortu zenetik, XII. mendetik. Karistiarren lurraldea zen erromatarren garaian, eta Bizkaiko herrialdeko eremurik handiena, baina XI. mendearen hasieran Bizkaitik berezi eta Nafarroako koroari lotu zitzaion, Durangalde osoa bezala. Durangoko hiria sortu baino lehen Tabirako San Pedro elizaren inguruan bizi zen jendea. Durangoko hiria Nafarroako Antso VI.ak (1150-1194) sortu zuen 1180. urtea baino lehen. 1371. urtean Bizkaia Gaztelako koroaren mendean geratu zen eta berarekin batera Durangaldea eta Durango ere. XIV eta XV. mendeetan Ahaide Nagusien arteko borroka latzak izan ziren Durangon eta dorretxe ugari eraiki ziren bertan. Harresi sendo batek babesten zuen hiria. XV. mendean (1442-1445) Durangon zabaldu zen fratricelli frantziskotarren heresia. XV. mendetik aurrera, Durango, Bizkaiko hirien artean, hiru hiri nagusietakoa izan zen, Bilbo eta Bermeorekin batera. Garai hartan, Durango oso hiri garrantzitsua izan zen, bertako oihalek ospe handia hartu baitzuten, alde hartako oletan landutako ezpatek eta lantzek bezalaxe. Konbentzioko gerraren (1795) eta Napoleonen inbasioaren garaian (1808), Frantziako gudarosteak egokitu ziren Durangon. Lehen eta Bigarren karlistadan (1835 eta 1872-1876) karlistek hartu zuten liberalen esku zegoen hiria. XX. mendeko Gerra Zibilean, 1937ko martxoaren 31n, herritarren aurkako lehenengo bonbardaketa izan zen Durangon. Handik 26 egunera, Gernikan gertatu zen bezala, Condor Legioko hegazkinek ordu erdi batez bonbardatu zuten hiria; jendez betea zegoen Uribarriko Santa Maria eliza suntsitu zuten eta, 300 lagunek bizia galdu zuten. Ondoko egunetan, faxisten osteek hartu zuten Durango. Egun haietan 500 pertsonatik gora hil zituzten frankistek Durangon. Gerra amaitu ondoren, etorkin asko hartu zituen industria hiri bihurtu zen Durango. 1965. urtetik aurrera, Gerediaga elkarteak Euskal liburu eta diskoen azoka antolatzen du urtero bertan. Euskal Herriko garrantzitsuena da liburu azoka hori.