droga
iz. Sendagaia; nerbio-sistemari eragiten dion gaia. || Bizk. Iskanbila, istilua. (Hitz elkarketako lehen osagai gisa droga forma dagokio, ez drogo*).
■ Gaixotasun batzuen diagnosia egiteko, sendatzeko, edo gaitzari aurrea hartzeko, medikuntzan erabiltzen diren gai kimikoak dira drogak, sendagarriak ere deituak. Elikagai batzuek dituzten droga sendagarrien lehenengo aipamenak gizateriaren historia bezain aspaldikoak dira. Dena dela, XX. mendea arte, aipatutako droga horietako gutxi batzuk baizik ez dira izan benetan sendagarri. Eta apur horiek landare gai batzuek gaixotasun jakin batzuk arintzeko edo sendatzeko ahalmena zutelako "aurkikuntzan" oinarritu ziren. 1776an, adibidez, ingeles botaniko eta sendagile William Withering ohartu zen baserritar batek egin ohi zuen belar urak bihotzaren taupada indartu eta hidropesia sendatzen zuela. Drogen aurkikuntzaren bidez hainbat txerto eta sendagarri sortu baziren ere, XX. mendean eritasun asko sendatzeko eta gaitzei aurrea hartzeko bidea zabaldu zuen metodo berri bat jarri zen indarrean: drogak asmatzea. Droga baliagarriak asmatzeko, baina, hobeto eta sakonago ezagutu behar zen gorputzak nola funtzionatzen zuen, gaitzak zergatik gertatzen ziren, eta gai jakin batzuek zergatik eta nola eragiten zuten. Hori da, hain zuzen, farmakologiak aztertzen duen medikuntzaren alorra. ■ Drogen jatorria. Drogek ez dute jatorri bakarra. Batzuk landareetatik lortzen dira, eta beste batzuk animalia eta meetatik. Landare eta animalia ehunak, baina, ez dira berdinak organismo guztietan, eta famarkologoen arazo nagusietako bat dosi berdinak lortzea izaten zen. Belladona, adibidez, urdaileko arranpa tratatzeko erabiltzen da, eta belaiki izeneko landare batetik ateratzen da. Belaiki guztiek, baina, ez dute belladona kopuru bera. Medikuek ezin zezaketen jakin gaixoari agintzen zioten belladona dosia gehiegi edo gutxiegi ote zen. Ikerlariek bazuten susmoa droga gordinaren zati batek bakarrik izango zuela gorputzean eragiteko ahalmena. Zati hari oinarri aktiboa deitu zioten, eta hura aurkitzen eta estandarizatzen ahalegindu ziren. Azkenik zenbait droga gordinen oinarri aktiboa bakartzea lortu zuten, kopuru zehatzetan neurtu zituzten, eta hauts, pastilla, kapsula edo dena delako bihurturik erabili zituzten. Era horretara medikuak zehatz-mehatz jakin zezakeen agindutako droga kopuruaren zenbatekoa eta kopuru horren eragina eriaren gorputzean. Egun erabiltzen diren droga gehienak ez dira landare edo ehunak bakartuz lortzen; egun, laborategi kimikoetan sintetizatzen edo egiten dira. Adibidez, kortisona aurkitu zenean, oso sendagarri garestia zen, animalia hilen giltzurrun gaineko guruinetatik ateratzen zelako. Gero, idien behazunetik lortu zuten, merkeago. Eta geroago, landare mota eskuragarri batetik sintetizatzea lortu zuten. ■ Droga biologikoak. Droga gisa erabiltzen diren animalia jatorriko gai batzuk ez dira animalia hiletatik ateratzen. Gai horiei gai biologikoak esaten zaie. Animalia bizidun baten gorputzean egiten dira. Tetanosaren toxina (pertsonak tetanosaren aurka immunizatzeko erabiltzen dena), adibidez, droga horietako bat da. Droga biologikoa honela lortzen da: tetanos organismoen kopuru txiki bat zaldi batean txertatzen dira. Tetanos organismook tetanos toxinak sortzen dituzte animaliaren gorputzean. Orduan zaldiaren odol lagin bat ateratzen da. Odolean dagoen tetanos toxina kimikoki tratatzen da kaltegarritasuna deuseztatzeko; horixe da pertsonari txertatzen zaiona tetanosaren aurka immunizatzeko. ■ Droga sintetikoak. Droga sintetikoek ez dute gai naturalen kopia zertan izan. Zientziak izadian aurkitzen ez diren droga guztiz berriak diseinatzeko ahalmena du gaur egun. Droga berriak diseinatzeko moduetako bat beste droga batzuen molekula egitura aldatzea da. Droga eraldatu horiek (“analogoak” deituak) oso eraginkorrak izaten dira, eta jatorrizkoak baino askoz merkeagoak. Kortisonaren albo ondorioetako batzuk eragozteko, adibidez, eta haren ahalmena handitzeko, zientzialariek molekula egitura aldatu zioten, eta prednisona, hidrokortisona eta beste droga analogo batzuk lortu zituzten. Droga sintetikoak lortzeko beste bide baliagarri bat bakterioen kode genetikoa aldatzea da. ■ Drogek nola jokatzen duten. Drogek gorputzeko zelula batzuen portaera aldatzen dute. Drogen eraginez aldatu egiten da gorputzaren jokamoldea. Aspirinak, adibidez, ez du berez arintzen sukarra; tenperatura erregulatzen duten burmuineko nerbio zelulei eragiten die. Zelulen edo ehunen ohiko portaera aldatzea (bizkortzea edo geldotzea) da, hain zuzen, drogek gorputzean eragiteko duten bi bideetako bat. Horrela jokatzen duten drogak farmakodinamikoak dira. Beste bidea eritasuna sortzen duten organismoak deuseztatzea edo haien hazkundea moteltzea da, gorputzeko zelula normaletan inolako eraginik izan gabe. Horrela jokatzen duten drogak kimioterapeutikoak dira. Penizilina, estreptomizina eta tetraziklina bezalako antibiotikoak kimioterapeutikoak dira. ■ Drogen aurreko erreakzioa. Gai kimiko bat biologikoki aktiboa bada –hau da, gorputzaren funtzionamenduan eragiteko ahalmena badu– droga dela esaten da. Horretarako ahalmena duten gaiak ordea ez dira, besterik gabe, erabat fidagarriak; haien onurak arriskuak baino handiagoak direnean besterik ez dira ontzat hartzen. Hala, droga batzuk, arriskutsuak izanda ere, ontzat hartzen dira gaixotasun larriak sendatzeko baliagarriak direlako. Digitalisa, adibidez, droga arriskutsua da; baina bihotzeko giharra uzkurtzea eragiten du eta ezinbestekoa da bihotzeko giharra ahula duten pertsonentzat. Aitzitik, nekea arintzeko edo larritasun gutxiko gaixotasun bat sendatzeko ez litzateke hain droga indartsua onartuko, arriskuak onurak baino handiagoak direlako. Hala ere pertsona batzuek drogen eragin kaltegarriak pairatzen dituzte, nahiz eta medikuak agindu bezala hartu hura. Izan ere, gizateriko kideen artean, inurri edo erle kolonia batean ez bezala, aldaera genetiko ugari baitaude. Droga bera hartzen duten milioika pertsonetatik batzuek ez dute espero den bezala erreakzionatzen, eta baregarri bat hartuta, adibidez, piztu egiten dira, lasaitu ordez. Beste batzuk, berriz, oso sentiberak izan daitezke droga baten aurrean, eta alergien gisako erreakzioak izan ditzakete. Eria, bestalde, droga jakin bat onez eramatera irits daiteke; horrelakoetan, gero eta dosi handiagoak behar izaten ditu espero den ondorio terapeutikoa lortzeko. Batzuetan, eramangarritasun edo tolerantzia horren ondorioz eria droga jakin bat hartzera ohitzen da, drogaren mende erortzen da eta atxikimendua sor daiteke. Atxikimenduak kalte psikologiko eta psikiko larriak sortzen ditu droga hartzeari uzten zaionean. Morfina, kokaina eta benzedrina, adibidez, atxikimendua sortzen duten drogak dira. Drogak hartzeak, azkenik, bestelako ondorioak izan ditzake. Batzuetan ondorio arinak dira (larruazaleko erregosiak, buruko mina, logura), baina larriak ere izan daitezke. Talidomina droga, adibidez, lasaigarri gisa oso erabilia izan zen garai batean, baina emakume haurdunen umekiengan sortzen zituen kalteengatik debekatua izan zen. Droga nahasketak ere oso ondorio larriak izan ditzake. Adibidez, buruko mina kentzeko pertsona batek aspirina hartzea oso arriskutsua izan daiteke baldin eta pertsona hori odola arintzeko beste sendagarriren bat hartzen ari bada, aspirina bera ere odol arintzailea baita. ■ Droga trafikoa. Osasun publikoaren kalterako diren gai sorgarri eta mendekotasun sortzaile jakin batzuen kontsumoa sustatzea, edo inori eskuratzea, mozkina ateratzeko asmoz. Droga trafikoaren definizioa ez da, ordea, berdina estatu guztietan; indarrean dagoen zigor legeen arabera aldatzen da. ■ Droga, oro har, industrian edo sendagintzan erabiltzen den mea, landare edo animalia jatorriko edozein gai suspergarri edo sorgarri da, edota Osasunaren Mundu Erakundeak dioen bezala, organismo bizidun batean sartuta, haren funtzioetako bat edo batzuk aldatzeko ahalmena duen edozein gai. Zigor legeen arabera, droga kontzeptuak orobat hartzen ditu kontsumoaren poderioz mendekotasun edo atxikimendu fisikoa edo organikoa sortzen duten gai sorgarriak eta psikotropikoak, naturalak zein sintetikoak, atzeraldi sintomarik ez izateko dosi gero eta handiagotan kontsumitzeko gogo eutsiezina sortzen dutenak. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Cannabisa eta landare horren erretxinak, koka orriak eta kokaina, heroina, metadona, morfina, opioa eta kodeina gai sorgarriak dira; barbiturikoak, anfetaminak eta "kontzientzia zabaltzaileak" (azido lisergikoa, meskalina, psilozibina), berriz, gai psikotropikoak dira. Droga trafikoa, gai sorgarriaren eskualdatzea ez ezik, hura garraiatzea ere bada, eta are aldean eramatea edo edukitzea ere, nahiz eta eskualdatzerik ez gertatu, baldin eta norberaren kontsumorako beharko litzatekeena baino askoz kopuru handiagoa bada, halakoetan droga edukitzea legez kanpoko kontsumoa (hau da, beste inoren kontsumoa) sustatu, lagundu edo errazteko ekintzatzat hartzen baita. Legedi batzuetan droga trafikoa delitua da, baina norberaren kontsumorako adina edukitzea, ez, eta beste batzuetan, berriz, trafikoa zein edukitzea, biak dira delitu.