Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Donibane Lohizune

Lapurdiko kostaldeko udalerria, izen bereko kantonamenduan dagoena. Saint-Jean-de-Luz du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Kantauri itsasoa eta Getaria, ekialdean Ahetze, mendebalean Kantauri itsasoa, eta hegoaldean Ziburu. 19,04 km2. 13.632 biztanle ditu (donibandarrak). Auzo nagusiak: Errepira, Urdazuri, Le Lac, Akotz, Ste. Barbe eta Haize-Errota. Urdazuri ibaia bertan itsasoratzen da. Euskara, lapurtera; euskaldunak, % 31. Ekonomia jarduera nagusiak zerbitzua eta industria dira, bertako langile ugari ondoko herrietako industrietara joaten bada ere. Arrantzak eta honen inguruan sorturiko kontserba enpresek badute oraindik nolabaiteko garrantzia. Donibane Lohizunekoa da Iparraldeko arrantza porturik garrantzitsuena. Aipagarria da San Joan Bataiatzailearen eliza (XII), XV. mendean berriro eraikia eta XVII-XVIII. mendeetan berrikuntzak izan zituena.  v  Historia. Donibane Lohizune XII. mendeetako dokumentuetan aipatzen da lehen aldiz. XII. mendean nolabaiteko ospea lortu zuen Ingalaterrarekin anaitu baitzen (Akitaniako Leonorren eta Henrike Plantageneten arteko ezkontza). Bertako arrantzontziak izan ziren, Ternuara bakailaoa atzematera abiatu ziren lehenak, XV. mendean. Arrantzari esker hiria aberastu egin zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar, eta 15.000 biztanle izatera heldu zen. 1558. urtean espainiarrek hiriaz jabetu eta su eman zioten; etxe bat baino ez zen salbatu. 1635ean berriro ere espainiarren esku geratu zen urte betez. Mende hori izan zen, bestalde, Donibane Lohizunek izan duen sasoirik oparoena. Alde batetik, bertan ezkondu zen Luis XIV.a, Filipe IV.a Espainiakoaren alaba Maria Teresarekin 1660. urtean. Bestetik, balea eta bakailaoaren arrantzak eta kortsarioen arteko guduek emaitza ezin hobeak eman zizkion Lapurdiko herriari. XVIII. mendean zehar hiria behera etorri zen: Holandaren Ingalaterrarekiko nagusitasunak, Iraultza ondoko gerrek eta inperioak portuaren jardueraren porrota ekarri zuten. 1708. urtean, bestalde, hiriaren zati handi bat urpean geratu zen itsasoak ur-hesiak suntsitu ondoren. Ondorioz, Napoleon III.ak hiru ur-hesi eraikiarazi zituen, oraindik zutik dirautenak.