Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Djibuti

(Izen ofiziala, Djibutiko Errepublika; Arab. Djumhuriyya Djibuti) Afrikako ekialdeko errepublika. Mugak: iparraldean Eritrea, mendebaldean eta hegoaldean Etiopia, hego-ekialdean Somalia, eta ipar-ekialdean Indiako Ozeanoa. 23.000 km2. 476.703 biztanle (2005), djibutiarrak. Hiriburua: Djibuti. Hiri nagusiak: Obock eta Tadjoura. Hizkuntzak: arabiera (ofiziala), frantsesa (ofiziala), somaliera eta afar hizkuntza. Talde etnikoak: somaliarrak (issa) % 60, afar-ak % 35, frantsesak, arabiarrak, etiopiarrak eta italiarrak % 5. Erlijioak: musulman sunitak % 94, kristauak % 6. Dirua, Djibutiko frankoa. ■ Biztanleak eta gizartea. Djibutiko bi etnia nagusiak afar izenekoak (iparraldean eta mendebalean bizi dira) eta issak dira (hegoaldean), azken hauek somaliarren oso hurbileko ahaideak. Arabiarrak eta europarrak oso gutxi dira. Bi talde nagusien artean liskar asko izaten da, nahiz eta guztiak musulmanak izan eta antzeko hizkuntzak erabili. 1999ko uztaileko estimazioen arabera, 447.439 djibutiar dira. 0-14 urte bitartekoak dira % 43, 15-64 urte bitartekoak % 54, eta 65 urtez gorakoak % 3. Gizonezkoek, jaiotzean, 49,48 urteko bizi itxaropena dute eta emakumezkoek 53,67 urtekoa. Emankortasun tasa 5,87 haurrekoa da emakumeko. Djibutiko ezaugarri geografikoak eta klima gogorra direla-eta, nekazaritzak ez du indar handirik, nahiz eta, tradizioz, artzain nomadak izan diren (gameluak, behiak, ahuntzak, ardiak). 1980ko hamarraldiko lehorteak areagotu baizik ez zuen egin tradiziozko nomadismoaren gainbehera, eta ordu arte artzaintzatik bizitako asko hiriburura joan ziren bizitzera, Etiopia eta Somaliako gerretatik ihesi etorritako askorekin batera. Hala, gaur egun, biztanleen bostetik lau baino gehiago Djibuti hiriburuan bizi dira. ■ Gobernua eta administrazioa. Errepublika presidentzialista da Djibuti. Legegintza ahalmena Diputatuen Ganberak du (herri hauteskundeetan aukeratzen dira Ganbera osatzen duten 65 diputatuak). Gaur egun legeztaturik dagoen alderdi politiko bakarra Aurrerapenerako Herri Batzarra izenekoa da. Errepublikako Gobernuburua Ganberak aukeratutako lehendakaria da. Lehen ministroa buru duen kabinete bat da administrazio organo nagusia. ■ Ekonomia. Tradizioz, artzain nomadak izan dira bizibidez djibutiarrak eta, oraindik ere, biztanleen % 25 inguruk bizibide hori du. Laborantza, berriz, oasi gutxi batzuetara mugatzen da (datilak, barazkiak eta frutak). Nolanahi ere, herrialdeko ekonomia jarduera garrantzizkoenak itsas portuaren inguruan zertzen dira. Ez da ahaztu behar Djibutiko portua burdinbidez lotuta dagoela Etiopiako hiriburuarekin, Addis Abebarekin, eta Etiopiaren hornikuntza bide bakarra ez den arren, Addis Abebak itsasora duen irteera garrantzizkoena da. Merkataritza trukeak eta zerbitzuak dira Djibuti hiriburuko ekonomia jarduera nagusiak. Merkataritza jarduera horiei dagozkien finantza mugimenduek orekatzen dute, neurri batean, merkataritza balantzaren defizita (kontsumoko ondasun ia guztiak inportatzen dituzte). Kobre, igeltsu eta burdin meatze gutxi batzuk badituzte, baina ez dituzte ustiatzen. Aldiz, oso aberatsa da baliabide geotermikoen alorrean. Inguruko (Somalia, Etiopia) eta barneko gerrek (1994tik aurrera) zuzeneko eragina izan dute ekonomian, eta Frantziak parte hartu behar izan du, behin baino gehiagotan. Frantsesek, izan ere, base militar bat dute Djibutin eta, duela gutxi, 3.200 soldadutik 2.600era jaitsi dituzte hango osteak. ■ Historia. 1975ean, Independentziarako Batasun Nazionalak (Ali Aref, afarren buruzagia aitzindari zuela) independentziarako prozesuari ekin zion, eta Frantziako gobernuak onartu egin zuen, 1977ko maiatzaren 18an. Hala, ekainaren 27an erreferenduma egin ostean, ordu arte Afarren eta Issen Frantses Lurraldea zeritzana estatu burujabe bilakatu zen, Djibutiko Errepublika izenaren pean. Hassan Gouled Aptidon egin zuten Gobernu kabineteko lehendakari, lehendabizi, eta Errepublikakoa, gero. Uztailaren 12an, Ahmed Dini izendatu zuten Lehen ministro. Urte bereko abenduaren 17an dimititu zuen Dinik, eta Abdallah Mohamed Kamilek hartu zuen haren lekua, baina, 1978ko urritik aurrera, Barkat Gourat Hamadou da Djibutiko Lehen ministroa. 1977ko irailaren 3an Arabiar Ligan onartua izan zen Djibutiko Errepublika. 1979ko martxoan, H. Gouled Aptidonek Aurrerapenerako Herri Batzarra sortu zuen eta, 1981etik aurrera, alderdi hori da Djibutiko legezko alderdi bakarra. Berriro ere errepublikako lehendakari hautatu zuten Aptidon, 1981eko ekainean, eta, orobat, 1987ko apirilean. 1990etik aurrera djibutiarrak gustura ez zeuden seinale garbiak azaleratu ziren: 1990eko irailaren 27ko atentatua, 1991ko urtarrileko estatu-kolpe ahalegina, eta, batez ere, 1991ko udaberrian, FRUD edo Demokrazia eta Batasunerako Fronte Iraultzaileko gerrillari afarren erasoaldiak. Frantziak, laguntza militarra ematearen truke, demokraziarako bidea irekiko zuen prozesu bat hasteko eskatu zien Djibutiko agintariei. Hala, 1992ko konstituzioak onartzen du alderdianiztasun mugatu bat, baina ondoren etorri ziren hauteskunde “pluralistek” (92ko eta 97ko legebiltzarrerako hauteskundeak, eta 93ko maiatzean Aptidon bera lehendakari hautatzea) ez zuten izan sinesgarritasun handirik, tartean izandako boikot, abstentzio eta irregulartasunak zirela-eta. 1999ko apirilean, Ismail Omar Guelleh-ek irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, gehiengo handiaz (kontuan izan behar da agintean zegoen alderdiko hautagaia, eta lehendakari zaharraren oinordekoa zela). 1994ko abenduaren 26an matxinatuekin sinatutako hitzarmena ez da nahikoa izan lasaitasuna eta berradiskidetzea ekartzeko, gerrillak indarberriturik eraso baitu 1997ko irailetik aurrera. Milaldiaren azkenetan, oztopoak pilatu zaizkio Djibutiko Errepublikari: gerra zibila, frantses tropen gutxitzea, Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako ekonomia neurri zorrotzak, inguruko herrialdeetatik etorritako iheslari andanak, uholdeak…
http://www.presidence.dj/