Dizdarevic, Raif
Jugoslaviar politikaria (Fojnica, 1926). Hamasei urterekin Titoren gerrilletan parte hartu zuen alemaniar eta italiarren aurka, Bigarren Mundu Gerran. 1945ean Alderdi Komunistako kide egin zen, eta 1951. urtea arte Estatuko Segurtasun Batzordeko kide izan zen. Azken urte hartan Kanpo Arazoetako ministerioan hasi zen lanean, eta hurrengo hiru urteetan Enbaxadako Arazoetarako idazkari eta arduradun izan zen Bulgarian. 1956-1959 bitartean Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuneko enbaxadako lehen idazkari izan zen. 1963an Txekoslovakiako enbaxadara bidali zuten, eta lau urtez aholkulari lana bete zuen. Jugoslaviara itzuli zenean, 1967an, Sindikatuen Konfederazioko Batzordeko idazkari izendatu zuten. 1972an diplomazia lanetara itzuli zen, Kanpo Arazoetako federazioko idazkariorde gisa. Bi urtez kargu horretan egon ondoren, Batzordeko Lehendakaritzako kide eta Bosnia-Herzegovinako Sindikatuen Konfederazioko Batzordeko lehendakari izan zen, 1978. urtea arte. 1975-1978 bitartean, gainera, Bosnia eta Herzegovinako Langileen Alderdiko eta Errepublikako Lehendakaritzaren Konfederazio Sozialistako kide izan zen. 1978-1982 bitartean Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistako lehendakaritza eskuratu zuen, eta Defentsa Nazionaleko Batzord Goreneko lehendakari izan zen. Gainera, Jugoslaviaren Defentsarako Batzordeko kide izan zen 1978tik 1983ra. 1982an Jugoslaviako Elkarteen Federazioko kide izendatu zuten, eta lehendakari geroxeago. 1987. urtea arte Kanpo Arazoetako ministro izan zen, eta azken urte horretan Federazioko lehendakaritza eskuratu zuen, Hamdija Pozederac dimisioa ematera behartu zuen finantza eskandaluaren ondoren. 1988ko maiatzean Jugoslaviako Batzar Federalak Jugoslaviako lehendakari izendatu zuen. Urtebete geroago –Tito lehendakariak ezarritako txandakatze sistemaren arabera hala baitzegoen zehaztuta–, Janez Drnovsek bosniar ordezkariak hartu zuen haren lekua.
- Dixieland
- Dixmude
- Dixon, George
- Diyala
- Diyarbakir
- Dizdarevic, Raif
- diz-diz
- dizdizka
- dizetona
- diziemido
- diziplina