Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

disko

iz. Teknol. Binilozko edo antzeko gaiez egindako xafla mehe biribila, hotsak, irudiak edo datu informatikoak grabatzen eta berrematen dituena. Xaflaren alde bakoitzean biribilean egindako ildoetan dago soinua grabatua. Disko arruntetan hotsaren grabazioa sistema analogikoz egiten da. Laser disko deituak, berriz, disko arrunta baino txikiagoak izaten dira, sistema digitalez grabatuak, eta laser izpiez grabatzen dira.  v  Ziber. Konputagailuetan erabiltzen den plastikozko edo bestelako euskarri edo gordeleku magnetizagarri biribila. Azken urteotan, laser izpiko diskoak erabiltzen hasi dira zibernetika, informazio kopuru handiak gordetzeko.  v  Kirol. Greziako atletek jaurtikitzen zuten harrizko edo burdinazko pieza biribila ik. diskobolo. || Gaurko atletek jaurtikitzen duten metalezko eta zurezko pieza biribila (2 kiloko pisua izaten du gizonezkoen probetan eta kilo batekoa emakumezkoenetan).  v  Orno arteko diskoa. Anat. Bi ornoren arteko loturan dagoen mintza. ■ Teknol. 1877an Charles Cros frantsesak hotsa grabatzeko eta entzuteko tresna bat erakutsi zuen Zientzietako Akademian. Urte horretan bertan, Thomas Edison estatubatuarrak danbor tresna bat egin zuen, 1881etik aurrera merkaturatu zuena. 1888an Emil Berliner alemaniar jatorriko estatubatuarrak zinkezko lehen diskoa egin zuen: argizariz estalia zegoen, 30 cm-ko diametroa zuen, eta minutuko 78 bira ematen zituen. Zientzialari horrek berak Deutsche Grammophon Gesellschaft sortu zuen, eta, metalezko matrize batetik abiatuta, diskoak seriean egiten hasi zen. Hala ere, audio diskoak ez zuen Lehen Mundu Gerra ondoren arte arrakastarik izan. 1930. urtetik aurrera irakurketaburu elektrikoak erabiltzen hasi ziren, anplifikatzaile batera eta bozgorailuetara lotuta, ordu arteko gramofonoen irakurketa zuzeneko buruen ordez. Irakurketa orratzak hobetzen joan ziren, diamantezkoak batez ere, eta baita irakurketaburuak ere, eta mikro ildoak zituzten plastikozko lehenengo diskoak sortzen hasi ziren, 33 bira ematen zituztenak. Ondoren, mota bereko disko txikiak kaleratu ziren, 45 bira ematen zituztenak. Grabazioaren eta irakurketaren kalitateak eta estereofoniaren sorrerak hots kalitate arazoak sortu zituzten anplifikatzaileetan eta bozgorailuetan, eta horrela sortu zen goi fidelitatearen kontzeptua. ■ 1979an Philips herbeheretar etxeak disko iraultzaile bat kaleratu zuen: oso txikia zen, 12 cm-koa, eta disko konpakto edo CD izena eman zitzaion. Disko berri hartan ildoak ez ziren era mekanikoan jarraitzen, era elektronikoan baizik, zenbakizko informazioa zuen barruan, ez analogikoa, eta laser sorta oso fina islatzen edo zabaltzen zuten ontzi mikroskopikoak zituen. Disko haiek atzeko zaratak eta interferentzia guztiak ezabatzen zituzten, eta izugarrizko kalitate maila lortzen zen horrela. Ildoak gai plastiko garden batez biltzen dira eta horrela ez dira urratzen. Philips etxearen disko hura berehala zabaldu zen mundu osora. CD diskoak izan zuen arrakasta kontuan hartuta, disko egileek audio eta aldi berean bideo diskoak egitea pentsatu zuten, laser bidezko zenbakizko grabazioaren sistemaren bidez. Izugarrizko arrakasta izan zuen, baina eztabaida ere sortu zen nazioartean, iritsi beharreko helburuei eta onartu beharreko estandarrei buruz. Era horretako lehengo disko saila behin bakarrik graba zitekeen, produkzioaren unean hain zuzen. Sail hori artxibo aldaezinak grabatzeko erabili zen. Sail horretan CD-ROM mota nabarmendu zen (Read Only Memory). 1985ean sortu zen, eta berehala nagusitu zen alor horretan. Baina gero eta gehiago eskatzen zuen jendeak norberak graba zezakeen diskoa, batez ere konpainia handietako artxibo elektronikoak osatzeari dagokionez. Disko berri hari disko interaktiboa esan zioten. Baina Philipsek CD-I izeneko diskoa merkaturatu zuen: telebista bati lotzen zitzaion eta berdin-berdin irakurtzen zituen hotsa, irudia eta filmak, dekodifikatzaile berezi baten bidez, baina ezin zituen, haiek ere, norberak grabatu. Norberak grabatu ditzakeen diskoak gutxi dira gaur egun. Alor horretan, bi etxe dira nagusiak: Sony –CD-E, CD-R eta CD-U diskoekin arazo horren inguruan ari dena– eta Panasonic etxea, PD diskoekin diharduena (phase change disc). ■ Diskoa sortu zenetik erabilera asko eman zaizkio. Hasieran gizakiaren hotsaren eta musikaren alorrera mugatu zen, eta kontrako ugari izan zituen zuzeneko ikuskizunaren nagusitasunaren alde egiten zutenen artean. Hala ere, diskoa osagarri bihurtu da eta lan erreproduzituen zabalkundea eragin du. Diskoa da, zalantzarik gabe, jazz musikaren oinarririk onena, eta baita 1960ko hamarraldiko herri musikarena ere. Zenbaki sistemak zabaldu dituen aukerei esker, diskoa ez da hotsaren oinarria soilik, baita irudi eta testuarena ere; disko berean batera daude sartuta, eta multimedia esaten zaien produktuak sortzen dira. Multimedia diskoak (CD-ROM) zabalkunderako media izatetik komunikazio media izatera igaro dira. ■ Disko birtuala. Informatikan RAM diskoa esaten zaio. Sarbide aleatorioa duen memoria bat da, diskoaren banako gisa erabiltzen dena. Sartzeko denbora memoriaren denbora denez gero, irakurketak eta idazketak handitu egiten dute etekina disko horietan. Dena dela, disko birtuala soilik memorian dagoenez gero, edukia disko fisiko batean kopiatu behar da datuak gal ez daitezen. Horren salbuespen bakarra berezko elikadura duen RAM bateko disko birtuala da. Konputagailuari elikadura kentzen zaionean, bateria horrek bermatzen du RAMeko edukia bere horretan geldituko dela. ■ Disko gogorra. Informatikan, xafla zurrun biribil bat edo gehiago, datuen grabazio magnetikoa egiteko ahalmena duen material batez bilduak. Disko gogor arrunt batek 3.600 bira egiten ditu minutuko, eta irakurketaburu eta idazketaburuak diskoaren gainaldean zehar mugitzen dira 10-25 bitarteko ontza milioireneko sakontasuna duen airezko burbuila batean. Disko gogorrak disko malguak baino bizkorrago sartzen dira datuetara eta askoz ere informazio gehiago pilatzen dute. Xaflak gotorrak direnez gero, bata bestearen gainean jar daitezke, disko gogorraren unitate disko batera baino gehiagotara sartzeko moduan. Disko gogor gehienek bi eta zortzi xafla bitarte izaten dituzte. ■ Disko konpaktoa edo CD. Informazioa gordetzeko sistema, gainaldea argia islatzen duen material batez estalia duena. Argia barreiatzen duten zulo mikroskopikoak (pits) eta argia islatzen duten guneak (lands) txandakatuaz grabatzen dira datuak bertan. Informazioa irakurtzeko izpi laser bat eta fotodiodo bat erabiltzen dira. 600 Mb informazio inguru gordetzeko ahalmena dauka (ahots grabatuko 70 bat minuturi dagokio, gutxi gorabehera). Era horretako diskoetan informazioa gordetzeko erabiltzen diren estandar nagusiak CD-ROM, CD-R edo WORM, CD-DA, CD-I eta PhotoCD dira.