Dini, Lamberto
Italiar politikaria (Florentzia, 1931). Italiako Lehen ministro 1995-1996 bitartean. Enpresa zientzietako ikasketak egin zituen Florentziako Unibertsitatean. Gero Estatu Batuetan sakondu zituen, Michigan eta Minnesotako unibertsitateetan, Nazioarteko Diru Funtsean funtzionario lanetan hasi aurretik. Hamazazpi urtez aritu zen han lanean, harik eta 1975ean Italiaren ordezkari izendatu zuten arte Zuzendaritza Batzordean. 1979an itzuli zen Italiara, eta Italiako Bankuko zuzendari nagusi izan zen Carlo Azeglio Ciampiren administraziopean. 1982-1989 bitartean Europako Ekonomia Erkidegoko Diru Batzordean parte hartu zuen. Silvio Berlusconiren Forza Italia alderdiko kide ez bazen ere, hark Altxorraren ministerioa eskaini zion 1994ko maiatzean. Dinik, sindikatuekin negoziatzeko esperientziarik gabeko teknokrata izan arren, zenbait berrikuntza egin zituen 1995eko aurrekontuko pentsio sisteman, eta aldaketa horiek langileak bere aurka jarri zituen, eta gobernuak bertan behera utzi behar izan zuen proiektua. Aurrerago, Oscar Luigi Scalfaro lehendakariak Lehen ministro izendatu zuen. Erreforma hari buruzko hitzarmen bat onartu zuen gero sindikatuekin, eta orduan enpresaburuek gogor kritikatu zuten. Aldi baterako gobernatzailetzat bazeukaten ere, bere erreforma instituzionalen programa gauzatzen ikusteko adina denbora izan zen agintaritzan. 1995eko abenduaren 31n aurkeztu zuen dimisioa, bere agintaldiari zegokionez, kargua berrituko zioten esperantzarekin, Europar Batasunaren italiar lehendakariaren agintaldia bukatu artean behintzat, baina zentro-eskuineko alderdien ustekabeko oposizioaren aurrean, Dinik eta bere ministro taldeak agintaritza utzi behar izan zuten 1996ko urtarrilaren 11n. Hala ere, lau hilabete geroago, urte hartako Legegintzarako hauteskundeetako irabazleak, Romano Prodik, Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuen.