Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dezio

(Lat. Cneius Messius Decius). Erromako enperadorea K.o. 249-251 bitarteko urteetan (Budalia, Panonia, 200 - Trazia, 251). Godoak menderatu ondoren, bere gudariek enperadore aukeratu zuten Mesian (gaur egun Dobrudja), eta Filipo Arabiarra, aurreko enperadorea, menderatu eta hil zuen. Erromatar Inperioko ohiko erlijio batasunari eutsi nahian, kristauen aurkako lehen esetsaldi orokorra bideratu zuen 250eko urtarrilean eta asmo horrekin kristauek apostasia egin zezaten dekretu bat eman zuen. Kristauen artean askok utzi zuten beren erlijioa (lapsi), martiriak ere asko izan ziren (Origenes, Santa Ageda). Dezioren esetsaldia bortitza baina laburra izan zen, godoen etengabeko erasoek hartarako abagune handirik ez baitzioten uzten enperadoreari. Godoek menderatu eta hil egin zuten 251. urteko ekainean.