Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Deustua

Egun Bilboko hiri barnean dagoen Bizkaiko elizatea, Ibaizabalgo ibaiaren eskuinaldean. 60.000 biztanle inguru. Muga hauek ditu: Erandio eta Loiu iparraldean; Begoña eta Abando hegoaldean; Erandio ekialdean eta Abando mendebalean. Begoña eta Abando Bilboko auzoak dira gaur egun, Deustua bezala. Deustuko ohiko auzoak Bekoerri eta Goierri edo Goikoerri izan ziren historian zehar. Gaur egun Botika, Botika zaharra, Elorrieta, Zorrozaurre, Erribera eta San Pedro auzoek osatzen dute. Deustuko elizatea 1925ean desagertu zen, Bilboko hiriak Begoña eta Lutxana bere egin zituenean.  v  Ekonomia. Ospe handia zuten garai batean Deustuko txakolinak eta barazkiek. XX. mendearen hasieratik aurrera, Deustua industria herri bihurtu zen erabat, Bilbo Handiko portu eta industriaguneari lotua.  v  Kultura. Deustua unibertsitateari loturik ageri da XIX. mende bukaeratik. 1886. urtean Bilboko talde batek goi eskola bat zabaldu zuen bertan, laster Deustuko Unibertsitatea deituko zena. 1913an sortu zen, gisa berean, Deustuko Merkataritza Unibertsitatea, hau ere jesuiten esku dagoena. Deustukoa izan da luzaroan Euskal Herrian ziharduen unibertsitate bakarra.  v  Historia. Deustua Sondikako elizateko herria izan zen XV. mendean, harik eta Uribeko elizate bihurtu zen arte. XVII. mendetik aurrera gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen ibaiaren ertzean eraiki ziren kaiei esker eta herria bitan banatu zen: Goierri edo goialdeko herriak nekazaritzari loturik iraun zuen, eta Bekoerri edo erribera aldea ontzi merkataritzari lotua nagusiki. Deustuko lehen udal ordenantzak 1621. urtekoak dira. XIX. mende bukaeratik aurrera, Deustuak biztanleria emendatze handia ezagutu zuen, industrializazioak Bilbo inguru guztira ekarri zituen aldaketen ondorioz. 1802. urtean 1.298 biztanle zituen, 1900ean 3.906 eta 1924an, Bilbori lotu zitzaion urtean, 8.799. Deustua Bilboko auzo nagusietakoa da gaur egun.