desintoxikatze
iz. Med. Pozoitze larri edo kroniko baten ondorioak ezabatzeko prozedura terapeutikoa. Normalean alkoholaren eta bestelako drogen mendekotasunetik ateratzeko prozedurari esaten zaio. Desintoxikatzeko programa batean sartu aurretik, bi hastapen hartu behar dira kontuan: lehena, gaixoak bere burua sendatzeko eta sakrifikatzeko borondatea izan behar duela, eta bigarrena, gaixoaren ingurukoek ez dutela porroten aurrean etsipenik erakutsi behar, mendekotasunera itzultzea oso ohiko gertaera izaten baitira. Desintoxikatzeko terapia mota ugari dago, baina guztietan gai pozoitsuarekiko higuina lortu behar da, batzuetan, psikologiaz gainera, substantzia lagungarriak erabiliz (alkoholarentzat disulfiram; opiazeoentzat naltrexona eta metadona). Gainera, ezinbestekoak dira lehengo bizimodutik erabat aldentzea eta ingurukoen sostengua.