desertifikazio
iz. Ekol. Klimaren lehortzeak eta horren eragin ekologikoek dakarten ingurumenaren aldaketa multzoa. 1960ko hamarkadaz gero ikaragarri ugaldu dira lehorte aldiak, eta horren ondorioz asko zabaldu da basamortu eremua. ■ Eskualde mailan eragina duten faktore meteorologiko naturalen gorabeherek, eta are gehiago El Niñoren antzeko fenomeno klimatologiko orokorrak izan dira beti desertifikazio aldien iturri. Azken horiei gizakiaren eragina erantsi behar zaie, desertifikazioa areagotu egiten baita gehiegizko ustiaketaren edota klima erdi idorra duten zonetan lurrak eta larreak gaizki erabiltzearen ondorioz. Lehortea eta lurren ahultasuna elkarturik, eremu horiek berehala gelditzen dira erosioaren mende eta hondar muino bilakatzen dira pixkanaka. Hori gertatzen da, esate baterako, Sahel esaten zaion eremuan, Sahararen hegoaldeko zerrendan. Eurien irregulartasun bortitzak markatzen du bertako klima. Baina 1965-1985 bitartean nabarmendu den basamortu bihurtzeko berezko joeraz gainera, gizataldeek ere eragin handia izan dute zona horren desertifikazio prozesuan. Demografiaren hazkundearekin batera hazi egin da Sahelean bizi diren artzain herrien abere kopurua. Horren ondorioz gertatu den gehiegizko bazkatzeak landare geruza hondatu du, eta horrek, berriz, klimaren lehortzea eta horren ondorioak ekarri ditu berekin, landareak suntsitzeak lurraren eta atmosferaren arteko truke energetikoak eragozten baititu. Kontuan izan behar da, gainera, landareek eragin zuzena dutela uraren zikloan, lurruntze-izerditze prozesuaren ondorioz. Landare geruzaren loditasuna txikitzeak gutxitu egiten du euriaren iturri den atmosferako lurruna. ■ Lur ahulak bat-batean nekazaritzarako erabiltzen hasteak ere desertifikazioa ekar dezake, erosio eolikoa areagotuz. Hori gertatu zen, esate baterako Amerikako mendebaldeko dedust bowl eremuetan, eta Asia erdialdean, non estepa idorrak luberritzearen ondorioz erabat hondatu baitira lurrak. ■ Desertifikazioak erabat suntsitzen du lurra eta lehen nekazaritzarako eta are abereen bazkarako ere emankorrak ziren lurrak, erabiltzeko gauza ez direla uzten ditu. Muturreko kasuetan, zenbait hamarkada lehenago basoz estalita zeuden eremuetan hondar bizizko muinoak sortzen dira. Bestalde, ikusi ahal izan da desertifikazioak oti migratzaileen oldeak erakarri ohi dituela, Afrikako mendebaldean 1980ko hamarkadaren erdialdera gertatu zen bezala. ■ Azken hamarkadetan beldurgarri hazi da desertifikazioak eragindako zonen hedadura lurreko basamortu tropikalen gerrikoen iparraldera eta hegoaldera dauden eremuetan, baina fenomeno hau klima idorra duten herri aurreratuetako zenbait zonatan ere gertatzen da, Estatu Batuetan, esate baterako. XX. mendeko lehorte aldi nagusiek eragin handia izan dute Afrikan, baina baita Latinoamerikan eta hemisferio australeko gainerako eremuetan ere 1980ko hamarkadaren lehen erdialdean. Saheleko lurrean eta Etiopian bereziki bortitza izan zen hondamendia, eta milaka pertsona goseak hil zen. ■ Egin diren kalkuluen arabera, 14 milioi km2 bihurtu ditu gizonak basamortu munduan eta 30 milioi km2 basamortu bihurtzeko arriskuan dago. Ingurumenaren IONU programaren arabera, lurrazalaren % 25 baino gehiago basamortua da. 1990etik hona, gainera, desertifikazioaren fenomenoa Europako herrialdeetara iritsi da, Espainiara bereziki, baina baita Italiara eta Greziara ere. Esan bezala, faktore geomorfologikoei eta klimatikoei, giza jarduerak gaineratzen zaizkio, adibidez nekazarien exodoa dela eta, lurrak uztea, ur asko behar duten turismogune handien sorrera, eta abar.