desarme
iz. Armak murriztea. ■ Bigarren Mundu Gerraz gero gerra nuklearra saihesteko neurrien inguruan, desarmearen inguruan hain zuzen, sortu dira munduko nazioen artean eztabaida nagusiak. Gerra Hotzaren garaian gai honi buruzkoak izan ziren Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko harreman diplomatiko guztiak, eta era berean izan zen desarmea Nazio Batuen ekimenaren ardatza. Ekialdeko Europan komunismoak hondoa jo, Sobietar Batasuna desegin eta gerra hotza amaitu zelarik ere, larria da oraindik egoera, hainbat herrialdek arma nuklearrak dituztelako eta beste hainbatek ere badituzten susmoa dagoelako. ■ Aro modernoan nazioartean arma kopurua murrizteko egindako ahaleginak 1899 eta 1907. urteetako bake hitzarmenetan hasi ziren, Hagako hitzarmenetan hain zuzen ere. Ez zuten arrakastarik izan, ordea, eta harrezkero beste hainbat ekinaldi izan dira, armak murrizteko eta are erabateko desarmea lortzeko. Desarmearen beharra bereziki nabarmendu zen arma nuklearren sorrera eta zabalkundearekin. Horrela, 1945ean Nazio Batuak sortu zirenean, Energia Atomikoaren Batzordea sortu zen hondamen handiak eragiteko ahalmena zuten arma nagusien kontrolerako, baina hitzarmenak lortzeko zailtasunak izan ziren Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko gerra hotzaren eraginez. Hala ere, 1969. urtean Arma Estrategikoak Murrizteko Elkarrizketak (SALT) egin ziren gai horren inguruan, eta SALT II elkarrizketak egin ziren Genevan 1972an. 1987an Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak hitzartu zuten armak murriztu ordez mota jakin bateko arma nuklearrak suntsitzea. 1989an, SALTen antzeko beste elkarrizketa batzuen ondoren (START), hitzarmena sinatu zuten berriro, eta handik bi urtera sinatu zen START II deritzona, 1990eko mailaren herenera murrizteko irispide luzeko arma nuklearren kopurua. 1990ean Europan indar armatu konbentzionalak murriztea hitzartu zen. ■ Desarme nuklearrerako kanpaina. 1958. urtean Londresen antolaturiko kanpaina, helburua britainiarren hidrogeno bonbaren inguruko ikerketak gelditzea duena. Gerora beste helburu batzuk ere finkatu ziren kanpaina horretan, adibidez, Britainia Handiak bere aldetik arma nuklearren baseak, hitzarmenak eta erabilera bertan behera uztea eta munduan arma kimiko eta biologikoak desagerraraztea. Helburu horiek lortzeko kanpaina honen baitan protesta publikoa, ekintza zuzen ez biolentoa, herritarrak ohartaraztea eta pertsonaia publikoei presioa egitea izan dira tresna nagusiak. Kanpaina honen arabera, Nazio Batuak eta segurtasuneko erakundeak dira nazioarteko gatazkak konpontzeko itxaropen handiena, erakunde hori baita estatuen artean ekimen militarrari aurre egiteko eskumena duen organo orokor bakarra. Desarme nuklearrerako kanpaina ez da inongo joera politikoren jarraitzailea, eta ez du dirurik onartzen arma nuklearrak dituen estatuen aldetik. Bere ekimenak kuoten, eskarien eta emaitzen bidez finantzatzen ditu, oro har.